Ibai Korta: "Bizitza osoa iraungo duten bizikletak egiten ditugu"

Intza Trula 2023ko uztailaren 6a

Ibai Korta tailerrean bizikleta bat egiten. (Utzitakoa).

Ibai Korta Zumaian jaio zen 1974. urtean. Ingeniaritza Mekanikoan graduatua da, baina txikitatik bizikletekiko izan duen begirunea dela tarteko, gaur egun horiek egitea du ogibide.

Zergatik bizikletak?

Mendiko bizikletan ibiltzen nintzen aspalditik, eta orduan hasi nintzen bizikletaren munduari gustua hartzen. Gaiaz gehiago ulertzen nindoan heinean, nire bizikletarik gustukoenekin bilduma egiten eta horiek berritzen hasi nintzen. Horri esker, bilduma handi samar bat egitea lortu nuen, baina mota jakin bateko bizikleta falta zuen bilduma hark; soldadura berezi batekin, modu oso artisauan egindako bizikleta bat, hain zuzen ere. Hori horrela, buruari bueltak ematen hasi nintzen, eta nik neuk egin nezakeela otu zitzaidan. Duela bi urte, bajan egon nintzen denbora luzez, eta aldi hartan bizikletak nola sortu begiratzeari ekin nion.

Nolakoa izan zen hasiera?

3Dko inpresora bat erosi nuen lehendabizi, pieza ezberdinak egiten joateko, eta ikusi nuen posible zela bizikleta bat egitea. Madrilera edo Ingalaterrara joatea zen nire asmoa, soldadura ikastaro batzuk egitera, baina pandemiak ez zidan utzi. Hori dela eta, soldadurako tresneria osoa erosi nuen, eta neure kabuz hastea erabaki nuen. Beraz, esan dezaket eginaren eginez eta denbora eskainiz ikasi dudala; nire kabuz, alegia. Hala ere, Altsasun [Nafarroa] ere izan naiz, bertako tailer batean gauzak ikasten.

Orain tailerrean egiten duzu prozesu guztia, baina non hasi zinen?

Hasieran dena etxeko garajean egiten nuen, baina denbora baten ondoren, lagun batek bere tailerrera joateko gonbita egin zidan. Tailer horretara joaten hasi nintzen, bertan denetariko tresneria baitzuen, eta hasiera-hasieratik bizikletak ondo ateratzen hasi ziren. Garaje horretan egin nituen nire lehenengo bizikletak, eta horiek probatzen joaten nintzen, funtzionatzen ez zuten gauzak aldatzen eta abar. Geroago, nire anaiak mendiko bideak garbitzeko zeukan enpresara mugitu ginen, eta bertatik jarraitu genuen lanean.

Anaia eta biok zarete proiektuaren parte.

Bai. Duela urtebete inguru hasi ginen proiektua serioago hartzen, eta ingurukoentzat bizikletak egiten hasi ginen. Geure asmoa zen bizikleta ezberdinak egitea, horietako bakoitza probatzea eta ikusten joatea zerk funtzionatzen zuen eta zerk ez. Lagunen artean gustukoak zirela ikusi genuenean, publikora zabaltzen hasi ginen.

Kontua da, guk berez bizikletaren koadroak egiten genituela, baina jendea bizikleta osoak eskatzen hasi zitzaigun. Horretarako, piezak eskatu behar genituen, eta ondoren, dena hasieratik amaierara muntatu. Askoz ere denbora gehiago eskatzen zuen horrek, eta nik bakarrik ezin nuen hori guztia egin. Orduan, anaia animatu zen kudeaketa kontuen ardura hartzera. Nik biziketak egiten ditut, eta anaia kudeaketaren eta bizikleten muntaketaren arduraduna da.

Zenbat denbora eskaintzen diozue bizikleta bakoitzaren prozesuari?

Gutxi gorabehera neurria hartuta daukagu, eta bizikleta bakoitzarekin astebete inguru pasatzen dugu. Oso artisaua da guk baliatzen dugun soldadura mota; lan asko eskatzen du, eta ia desagertuta dago bizikletak egiteko modu hori. Mundu osoan oso artisau gutxik jarraitzen dute horrekin lan egiten; Euskal Herrian ez du inork baliatzen, esaterako. Gaur egun egiten diren bizikleta guztiak berdinak dira, oso industrialak.

Nolako bizikletak egiten dituzue? Guztientzat eskuragarriak al dira?

Gure bizikletek kostu handia daukate, eta argi daukagu ez dela edonork eskura dezakeen produktu bat. Hasieratik bukaerara egiten ditugu bizikletak, eta horrek denbora asko eta lan handia eskatzen ditu. Kontziente izan gara hasiera-hasieratik hori dela-eta merkatua asko murriztuko zitzaigula. Gure herrialdean bakarrik zentratu izan bagina, ez zatekeen proiektua denbora luzez martxan egongo; kostuak handiegiak izango ziratekeen, eta bertan behera geratuko zen segituan egitasmoa.

Baina, egia esan, nahiago dugu horrela izatea. Gaur egun dena da erosi, denbora batez erabili, puskatu eta bota; eta guk ez genuen hori nahi. Guk sortutako bizikletak deskribatu berri dudanaren guztiz kontrakoak dira, edo hori da gure asmoa, behintzat. Erosle bakoitzaren neurrira eta haren nahien arabera pertsonalizatzen ditugu, eta, printzipioz, bizitza osoa iraungo duten bizikletak egiten ditugu. Gainera, bizikleta bakoitza bakarra da, ez du inork izango horrelakorik; pertsonalizatzeko aukera pila bat daude.

Denbora da bezeroak bizikletaren prozesu osoaren parte izatera gonbidatzen hasi zinetela.

Bai, hori da. Kontuan izanda pertsona bakoitzarentzat berariaz egindako produktua dela, proiektuari beste berezitasun bat ematea pentsatu genuen. Tailerrean anaia eta biok bakarrik egonda, bezeroak ekoizpen prozesua zerotik ezagutzeko aukerari bueltak ematen hasi ginen. 

Gauza oso polita da hori. Bezeroak bere bizikleta hasieratik nola egiten den ikusten du. Ezerezetik muntaketaren egunera arte egiten diren lan eta pauso guztiak ikusteko aukera ematen zaio norbanako bakoitzari. Hau da, ez da diseinuaren parte bakarrik izaten, baizik eta tailerreko lan guztiaren eta muntaketaren momentuaren parte ere bai.

Nola aukeratzen dituzue bizikletaren diseinua eta beste ezaugarri guztiak?

Lehenik eta behin, herritarrekin hitz egiten dugu bizikletaren inguruan dituzten ideiak biltzeko. Batzuek oso argi izaten dute zer nahi duten, eta behar dituzten neurriak zeintzuk diren ere jakiten dute gurekin elkartu aurretik. Beste batzuek, berriz, ez dute sekula bizikletaren mundua ezagutu, eta laguntza eskatzen digute diseinuaren eta neurrien gaineko erabakiak hartzerakoan. Batzuek konfiantza osoa jartzen dute gugan, eta bizikletarekin "nahi duguna" egiteko bidea ematen digute. Galdetzen digute ea zer den ondoen funtzionatzen duena, eta horrekin egiten dugu lan.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide