Herritarrei zaintzaren inguruko galdetegia erantzuteko eskatu diete Zumaiako Udalak eta Prebentzio Mahaiak. Bi horiek elkarlanean zaintzei buruzko diagnostikoa osatzen ari dira, eta herritarrentzat prestatu duten galdetegiak "diagnostikoa osatu eta aberastea" du xede. Inkesta bete nahi duen herritar orok horretarako aukera dauka lotura honetan.
Zumaiako Prebentzio Mahaiak zaintzaren gaiari lotutako erronka nagusienak identifikatu eta lantzeari ekin dio 2023an. Koordinazio mahaia eratu eta gero, hainbat saio zabal egin dituzte. Eremu askotako kideak ari dira pate hartzen: Gizarte Zerbitzuetako, osasun arloko eta adinekoen egoitzetako ordezkari eta langileak; herriko eskoletako ordezkariak; zaintza lanetan zein boluntario moduan aritzen diren herritarrak; Nagusien Mahaiko kideak; mugimendu eta talde feministetako kideak... baita udal ordezkari eta teknikariak ere. Prozesua dinamizatzeko Elhuyar fundazioaren laguntza izaten ari dira.
Hori horrela izanik, "zaintzari buruzko diagnostikoa egitea izango da lehenengo pausoa", antolatzaileek argitu dutenez. Herri mailako errealitatea ahalik eta era "zehatzenean" ezagutzeko. Hainbat informazio iturri baliatuko dituzte horretarako, hala nola datu estatistikoak edota Zumaiako udal zerbitzu ezberdinetako partaidetza datuak. Baina informazio "zuzena" ere bildu nahi dute, eta horretarako herritarren kolaborazioa behar dute, prestatu duten galdetegia betez. Aipatutako galdetegiak honako galderak barnebiltzen ditu: familia barruko zaintza, Zumaiako herritarren egoera fisiko eta psikikoa, herritarren kohesioa, Zumaiako zerbitzuak, eta Zumaiako irisgarritasuna.
Interesa duen orok erantzun dezake galdetegia, pertsonako behin bakarrik. Erantzun batzuen arabera galdera berriak aktibatu edo desaktibatuko dira, eta, bataz beste, 15 minutu inguru behar dira galderak erantzuteko. Zumaiako Udalak eta Prebentzio Mahaiak azaldu dute, helburua, "gutxienez 500 erantzunetara heltzea" dela.
Zumaiako Prebentzio Mahaia, Zumaiako herritarrekin lan egiten duten herriko hainbat erakunde elkartzen dituen sarea da. "Erakundeen artean helburu komunak eta bateratuak definitzeko eta herritarren prebentzioan eragin dezaketen programak aurrera eramateko elkartzen da Mahaia".
Zaintzaren gaia pil-pilean
Pandemia aurretik arazoa mahai-gainean bazegoen ere, pandemiaren ondoren are ikusgarriagoa egin zen zaintzaren gaiari heltzeko beharra, eta gaiaren inguruan askotariko ekimenak sortzen ari dira. Zumaian eta eskualdean bertan, Prebentzio Mahaia eta udala egiten ari diren lanketaz gain, beste bi ekimen daude martxan: Emakumeon* Etxeak, Malen Etxeak eta Mugimendu Feministak bultzatutako Zaintzen duen Zumaia irudikatzen ari gara prozesua, batetik; eta Urola Kostako Udal Elkartea egiten ari den diagnostikoa, bestetik.