Arraun arloko hitzak ugariak dira, eta teknikoak edo ezezagunak suerta dakizkioke aipatu kirola gehiegi menderatzen ez duenari. Baina teknikotik gutxi dutela uste du Jon Ander De la Hoz Getariako arraunlari eta kazetariak: "Ez dute aparteko esanahirik, eta ez dira zailak ulertzeko. Akaso, lehen aldiz entzutean, bitxi samarrak egiten zaizkio jendeari batzuk". Modalitatearen ingurukoak direla zehaztu du Itziar Olasagasti Orioko arraunlari ohiak, gehienbat materialari dagozkionak: "Kontua da herriz herri ezberdin esaten direla: taborda euskara batuan da tiborta edo heldulekua; proa eta popa bezalako oinarrizko hitzak txopa eta branka; korasta da berez, baina koasta hots egiten diogu".
Hiruzpalau hitz ezagunak dira ororentzat. Denek dakite zer esan nahi duten, baina arraun mundua gertutik ezagutzen ez duten askok ez dakite hortik aurrera ezer gehiago. «Guztiok dakigu zer den ziaboga bat, baina agian zenbaitzuek ez dakite zia eta boga hitzen elkarketa dela. Ababorrak zia egiten du –alderantziz arraun egin– eta istriborrak boga –ohiko arrauna, paladak emanez–. Mugimendu horrekin lortzen da traineruak buelta ematea eta norabidez aldatzea», azaldu du Olasagastik.
Arraun emankizunetan ari diren kazetariek jakin badakite zer-nolako publikoari zuzentzen ari diren, eta "arrauneko hitzak nahiz esentzia aldatu gabe", dibulgazio lana egiten dutela iruditzen zaio De la Hozi. "Urteen poderioz, ETBn edo Euskadi Irratian egin den bilakaerari esker, zaleek barneratu dute hiztegia, dela getariarra edo zarauztarra, dela olaberriarra".
Azken urteetan arraun hiztegia jasota geratzeko eta ez galtzeko ahalegin bereziak egin dira. Bi arraunlariek hainbat adibide jarri dituzte mahai gainean: Luis Mari Zulaika zarauztarrak landutako arraun liburuxka "oso baliagarria"; 2000. urtean eskola kirolerako argitaraturiko fitxa teknikoak; arraun hiztegiak ere badaude, adibidez, UZEIrena; eta Berriaren Estilo Liburuak ere jasota ditu hainbat kontzeptu. "Alde horretatik, landu egin da, eta kazetariaren lana ere bada neurri batean hori ezagutzera ematea, estropadaz harago, arrauna kirol bezala azaltzeko bitarteko gisa", dio getariarrak.
Arraun hiztegiak jasotzen dituen kontzeptuak, nolabait ere, garaiko euskal arrantzaleek edo marinelek erabiltzen zituztenak dira. Testigantza bat da, kirol eremuan kontserbatu dena. "Ahozko ondarea hor dago. Guk jasotakoa ez dugu inon irakurri. Aitzitik, ondoren hasi dira hiztegietan biltzen. Ahoz aho etorri da gugana, belaunaldiz belaunaldi, hainbat eta hainbat hitz: helera, estatxa, zia, boga, poparea, brankaz joan... Lehengo zaharrek azaldu zizkigutenak dira, eta gerora, denborarekin, txertatu dituzte hiztegietan».
Futboleko, saskibaloiko, pilotako eta bestelako kirol batzuetako hitz teknikoak askotan ez dira horren arrotzak izaten. Arraunean benetan ugariak dira kontzeptuak, eta badirudi guztiak menderatzea lan nekeza dela. "Niri hogei aldiz esplikatu didate, baina oraindik ez dakit saskibaloian pibote bat zer den. Arraunean badakit zein den hankekoa, kontra hankekoa, aurrekalaria... Kirol bakoitzak berea du", argitu du oriotarrak.
Hori kirol bakoitzaren tamainaren araberakoa dela uste du De la Hozek: "Konparatzerik ez dago futbolak eta arraunak zenbateko presentzia duten hedabideetan". Futbola euskaraz normalizatua dago, bere garaian "lantegi handia" egin zelako: "Arraunean ahozko tradizioa finkatuta dago, baina orain beste euskarri batzuetan jasotzen ari dira, luzaroan iraun dezan".