Izena eman daiteke Flysch Trail lasterketan

Intza Trula 2023ko uztailaren 7a

2022ko Flysch Trail lasterketako artxiboko irudia. (Baleike)

Urriaren 8an izango da, eta bi distantzia ezberdin egingo dira; bata 14 kilometrokoa, eta, bestea, 23 kilometrokoa. 

Zabaldu dute Flysch Trail lasterketan izena emateko epea, eta gaurtik hasi eta irailaren 1era bitartean egongo da horretarako aukera. 

Hamairu urteren ostean, Flysch Trail Elkarteak lasterketaren antolakuntzaren ardura izateari utzi zion, eta Zumaiako Udalak hartu zuen haren lekukoa. Bilera ireki baten deialdia zabaldu ondoren, hogei laguneko lantaldea osatu zuten, eta talde txikietan banatuta, 2023ko edizioaren prestakuntzan jardun dute. 

Halaber, arduradunaren aldaketaz gain, hamalaugarren edizio honek beste berritasun bat ere izango du. Izan ere, edizio honek bi lasterketa ezberdin izango ditu; bata 14 kilometrokoa, eta, bestea, ohikoa den 23 kilometrokoa. Lasterketa motza prestatzearen xedea, "korrikalari gazteen artean mendiko lasterketa bultzatzea eta lasterketaren etorkizuna bermatzea" dela azaldu dute antolatzaileek.

Alde batetik, 14 kilometroko lasterketan 14 urtetik gorako korrikalariek eman ahal izango dute izena, eta 200 parte-hartzaileetara iristean itxiko da zerrenda. Izena emateak 15 euro balio ditu. Bestetik, 23 kilometroko proba nagusian, 400 parte-hartzaileetan jarri dute muga, eta, horiek betetzean, izena emateko aukera itxiko da. Lasterketa nagusiko dortsalak 25 euro balio ditu.

Gaur zabaldu dute bi lasterketetan izena emateko aukera, eta interesdunek horretarako aukera izango dute irailaren 1era arte, kronoak.com webgunean, edota zumaiaflyschtrail.eus webgunean. Horrez gain, kirolariek bertan izango dute araudiaren eta beste argibideen berri. 

Filosofia aldaketa

Udalak antolatutako bilera irekian hainbat puntu zehaztu zituzten, eta honakoak dira hemendik aurrera lasterketak izango dituen lau oinarriak:

  • Kirola sustatzeko balioko du lasterketak.
  • Kirolaria egongo da erdigunean.
  • Ingurumena zaintzea funtsezkoa izango da.
  • Herriko merkatarien eta ekoizleen lana bultzatzeko, ikusarazteko eta sustatzeko baliatuko da lasterketa.

Horrez gainera, beste erabaki batzuk ere hartu zituzten antolatzaileek, eta azaldu duten moduan, "hurrengo urtean proba nagusia luzatzea" aurreikusten dute, "kirolarien artean badelako horretarako nahi eta beharra".

Entrenamendu saioak

Urtero legez, Flysch Trail lasterketa prestatzeko entrenamenduak egiten ari dira, eta datozen asteetarako datak ere zehaztuta daude. Honakoak egunetan egingo dituzte datozen entrenamenduak:

  • Uztailak 16.
  • Irailak 3.
  • Irailak 24.

Gainera, aurten, gutxienez lau entrenamendutan parte hartzen duten emakumezkoek, Gipuzkoako Foru Aldundindiak emandako 30 dortsalen zozketan sartuko dira. Lubaki kiroldegian elkartzen dira korrikalariak entrenamenduetarako, 08:00etan.

 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide