Euskal Jai egunean lan egiteko taldeak behar dira

Intza Trula 2023ko uztailaren 7a

2022ko herri bazkaria. (Baleike)

Abuztuaren 11n ospatuko den herri bazkarian eta sagardo dastaketan lan egiteko herriko taldeen laguntza behar da.

Euskal Jai egunean lan egiteko deia zabaldu die udalak herriko taldeei. Abuztuaren 11n ospatuko da aurten, eta egitarauaren parte diren herri bazkarian eta sagardo dastaketan lan egiteko taldeen bila dabiltza.

Izena emateko epea uztailaren 21era bitartean egongo da zabalik.

Herri bazkarian zerbitzatzea: talde batentzat lana

Herri bazkarian egongo diren 400 laguni zerbitzatzeko beharrezkoak diren azpiegiturak eta tresnak ezartzea izango da talde honen lana; hala nola bazkaria atera, txartelak kendu eta karpara sarrerak zaintzea, eta baita ondorengo txukuntze eta jasotze lanak ere. Guztia Kultur Sailaren ordezkariekin eta herri bazkariko sukaldari taldearekin lotuko da.

Sagardo dastaketa

Hamar sagardotegitako sagardoa egongo da eskuragarri sagardo dastaketan. Horrenbestez, talde honen lana egun horretako postuak ezartzea, edalontziak saltzea eta sagardoa banatzea izango da. 

Hori horrela izanik, "Zumaiako herria edota bere biztanleen onurarako, kirol, kultur edo gizarte mailan, etekin ekonomiko propiorik gabe, modu iraunkorrean lan egiteko eratu diren elkarteak" Euskal Jai egunean lan egitera deitu ditu udalak. Elkarte hauek, Udalak herriko taldeen artean diru-laguntzak emateko orduan onartutako oinarri berak bete beharko dituzte (Gizarte Segurantzarekin eta Ogasunarekin zorrik ez dutela ziurtatu).

Horrez gainera, "euskaraz jarduteko gai izan beharko dute langileek", udalak azpimarratu duenez, eta, "ez da adin txikikorik egongo sagardoa banatzeko orduan".

Izena emateko interesa dutenek uztailaren 21era arte izango dute horretarako aukera; Alondegia kultur etxean, 943-86 10 56 telefono zenbakira deituta edo kultura@zumaia.eus helbidera idatzita.

Izena ematen duten talde kopurua ikusi ondoren, bilera baterako deia egingo zaie, eta bertan emango zaizkie beharrezko azalpenak. Taldeen arteko zozketa ere bilera horretan egingo da.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide