Itzurun-Arranpla zeharkaldia egingo dute bihar Zumaian. Urtero legez, Taosa igeriketa klubak hondartzatik hasi eta herriko arranplarainoko ibilbidea prestatu du parte hartzaileentzat. Guztira, hiru kilometro egingo dituzte igerilariek; bi itsasoan, eta azkena errioan gora. Distantzia zertxobait motzagoa izango dute haurrek.
Antolatzaileetako batek azaldu du "aurreko urteko parte hartzaile kopuru antzekoa" izango duela lehiaketak. Oraingoz, 160 igerilari inguruk eman dute izena, baina antolatzaileen arabera, jendeak azken momentura arte itxaroten du izena emateko: "Igerilariek asko begiratzen diote itsasoaren egoerari; hori dela eta, azken momentuko izen emateak ere espero ditugu".
Horrez gain, Zumaiako zeharkaldiak duen "konplexutasuna" dela tarteko, Taosa igeriketa klubak bigarren plan bat aurkeztu du probaren egunean itsasoaren egoera txarra izango balitz: "Zumaiako zeharkaldia nahiko konplikatua da berez, eta itsasoaren egoera txarra izango balitz, Santiagoko hondartzatik ateratzea da asmoa". Hala eta guztiz ere, itsasoaren egoera "egokia" izatea dago aurreikusita. "Egunean bertan ezer arrarorik gertatzen ez bada, zeharkaldia ItzurunArranpla izango da".
Lehiaketa bi zatitan banatuko dute: haurrena eta helduena. Lehenengo txanda haurrena izango da, eta 17:30ean aterako dira uretara. Bigarren txanda, berriz, helduena izango da; horiek 18:15 aldera ekingo diote lasterketari.
Haurren bi talde
Aurreko urtean zabaldu zieten lehen aldiz haurrei ere Itzurun-Arranpla zeharkaldian parte hartzeko aukera. Aurtengo zeharkaldiak aldaketa bat izango du, eta haurrak bi taldetan banatuko dira. Lehenengo taldea 2011 eta 2012 urteetan jaiotako gaztetxoek osatuko dute, eta horiek Talaipe-Arranpla zeharkaldia egingo dute; guztira, 500 metro. Bigarrena 2009 eta 2010 urteetan jaiotakoen taldea izango da, eta horiek Santiago-Arranpla ibilbidea osatuko dute; guztira, kilometro bat osatuko dute igerian.
Sari banaketa
Haurren zein helduen zeharkaldia amaitu ondoren, sari banaketa ekitaldia egingo dute. Helduei dagokienez, lehenengo hiru emakumezko sailkatuek eta lehenengo hiru gizonezko sailkatuek jasoko dute garaikurra. Bestalde, neoprenoarekin garaile izan diren lehenengo emakumezkoak eta gizonezkoak ere saria jasoko dute. "Itzurungo hondartzaren logotipoa daraman garaikurra emango zaie irabazleei", azaldu dute antolatzaileek.
Gaztetxoen kasuan, berriz, parte hartzaile bakoitzak opari bana jasoko du proba amaitzean.