Lucia Lacarrak urrian eskainiko duen Lost Letters emanaldirako sarrerek deskontua izango dute zumaiarrentzat. Izena ematen duen herritar bakoitzak gehienez bi sarrera eska ditzake, eta epea uztailaren 21ean amaituko da.
Hauek eskuratzeko, izena eman daiteke alondegia@zumaia.eus helbidera mezua bidaliz, 943-86 10 56 zenbakira deituz, edota Alondegiko lehenengo pisura joanaz (09:00etatik 14:00etara).
Sarreren eskaria egiteko eman beharreko datuak honakoak dira:
- Joango diren pertsonen datuak: Izena, bi abizen eta N.A.N zenbakia.
- Sarrera kopurua: Bat edo bi.
- Zehaztu sarreren informazioa posta elektronikoz edo telefonoz jaso nahi den.
- Bilborako joan-etorrirako jarriko den autobus zerbitzua erabiliko den ala ez (urriaren 3a baino lehen).
Egindako eskaria gordetako sarrera kopurua baino handiagoa bada, uztailaren 26an zozkatuko dira izena eman dutenen artean. Prezioa 28,80 eurokoa izango da, eta zozketan irabazle direnei adieraziko zaie erosteko jarraitu beharreko pausoak zeintzuk diren. Halaber, irabazle suertatu ez direnei ere jakinarazpen mezua bidaliko zaie, eta itxarote zerrendara pasako dira.