Zabalik da iraileko Zumaiako Triatloirako izena emateko epea

Intza Trula 2023ko uztailaren 8a

Iazko Zumaiako Triatloiaren irteerako unea. (Juan Luis Romatet)

Irailaren 16an izango da aurtengo Zumaiako Triatloia. Ohikoa den moduan, bi lasterketa jokatuko dituzte; bata triatloi herrikoia, eta, bestea, sprint distantziakoa.

Irailaren 16an, larunbatez, egingo dute aurten Zumaiako Triatloia, eta bertan izena emateko aukera zabalik dago jada. Zumaiako Triatloi Taldeak bi lasterketa antolatu ditu urtero legez; alde batetik, X. Zumaiako Triatloi Herrikoia, eta, bestetik XVI. Zumaiako Sprint Triatloia. Bi lasterketek irteera Gernika pasalekuan izango dute.

Dagoeneko hasi dira lehen kirolariak izena ematen, eta oraindik apuntatu ez direnek horretarako aukera izango dute rockthesport.com webgunean. Hain zuzen ere, duela astebete inguru zabaldu zuten izen emate epea, eta irailaren 11ra bitartean izango da horretarako aukera. Antolatzaileek azaldu dute, "oraindik zerrenda oso luzea ez den arren, pasa den urteko zifretara iristea" aurreikusten dutela. 2022ko Zumaiako Triatloian 500 parte hartzaile inguru izan ziren,eta horien artean bildu ziren, bai Zumaiako herritarrak, baita eskualdeko gainontzeko herritarretako triatletak ere.

Halaber, kirola modu "seguruan" egitea garrantzitsua dela azpimarratu nahi izan dute, eta horretarako, uztailaren 3ra bitartean izena eman duten kirolari guztien artean Zumaiako Triatloiko babesle den Erronkak emandako bi esfortzu proba zozkatuko dituzte.

Hainbat berrikuntza

Aurreko urtetik hainbat aldaketa izango ditu probak. Alde batetik, aurtengo edizioan ez federatuek sprint distantzian izena emateko aukera izango dute. Lege berri hori aurten jarri du martxan Euskal Federazioak, "triatloiari bultzada emateko eta jendea animatzeko", antolatzaileek azaldu dutenez.

Bestalde, sprinteko ibilbideak ere aldaketak izango ditu 2023ko edizioan. Antolatzaileetako batek azaldu duen moduan, aurreko urteko triatloiaren ondoren, inkesta bat pasatu zieten kirolariei, "euren eskakizunak eta proposamenak jasotzeko". Inkesta horren galderetako bat honakoa zen: "Bizikletako proga egiteko nahiago duzu malda ala ibilbide laua?". Zumaiako Triatloi Taldekoen harridurarako, maldak gustuko zituzten parte hartzaileen kopurua handiagoa zen besteen aldean. Horregatik, aurtengo edizioan malda bat igo eta jaitsi beharko dute triatletek. "Hurrengo urteari begira, proba modura erabiliko dugu aurten egingo dutena". Hori horrela, Meagasen 500 metroko malda gora eta 500 metrokoa behera egingo dituzte parte hartzaileek. "Malda motza da, baina zer moduz ateratzen den ikusi nahi dugu". Izan ere, Zumaiako Triatloia bide lauak izateagatik bereizten da, eta antolatzaileen hitzetan, "horrek jende gehiago erakartzen du".

Zumaiako Triatloi Taldeak proba egunean parte hartzera animatu ditu kirolari federatuak nahiz federatu gabeko guztiak. "Zumaiako eta eskualdeko herritarrak triatloiaz gozatzen ikusi nahi zaituztegu". Eta, bestela, partaideak animatzera bertaratzera gonbidatu dituzte.

 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide