Uztailaren 23an izango dira Espainiako Gorte Nagusietarako hauteskundeak eta "antolakuntza eta irisgarritasuna hobetze aldera" hauteslekuetan aldaketak daudela jakinarazi du Zumaiako Udalak. Horrenbestez, hilaren 23an, orain arte Gizarte Zentroan (Hogarrean) bozkatzen zutenek, Alondegian bozkatu beharko dute; Herri Eskolan bozkatzen zutenek, berriz, Aitzuri frontoian egin beharko dute.
Bestalde, herritarrek zozketa.zumaia.eus webgunea kontsultatu dezakete hauteskunde-mahaietan egon behar duten egiaztatzeko; izan ere, desenkusak onartu ahala, erreserban dauden pertsonak titular bihurtuko dira.
Hauteskunde mahaikoen zerrenda ikusgai
Zumaian hamaika hauteskunde-mahai daude, eta mahai bakoitzean hiru titular (presidentea, eta bi bokal), eta kargu bakoitzeko bi ordezko izendatzen dira. Hori horrela, hasiera batean, guztira 99 pertsonak jaso zuten jakinarazpena. Desenkusak onartzen badira, erreserbako pertsonetara joko da.
Horrenbestez, Zumaiako Udalak gogorarazi du zozketa.zumaia.eus webgunea martxan dagoela, eta, bertan, hauteskunde-mahaietan parte hartu behar duten egiaztatu dezaketela zumaiarrek. Horrez gain, udalak azpimarratu du, webgunea eguneratzen ari dela, eta, beraz, erreserban zeuden zumaiarrei "noizbehinka webgunean kontsulta egitea" gomendatzen zaiela.