Mendebaldeko Saharako haurrak iritsi dira herrira, Oporrak Bakean programari esker

Nerea Uranga 2023ko uztailaren 12a

Azkoitian, Azpeitian, Zestoan eta Zumaian uda igaroko duten haur sahararrak. (Darahli elkartea)

Astelehen goizean iritsi ziren haurrak Bilbora, eta dagoeneko beren udako etxeetan daude. Oporrak Bakean programaren bidez, Darahli elkartak bederatzi haur bideratu ditu Azkoitia, Azpeitia, Zestoa eta Zumaiako familietara. Bakeleku udalekuetan egongo diren haurrek Zumaian igaroko dute uztailaren 21etik 23rako asteburua, eta haientzako ekintzak antolatu dituzte Zumaian eta Zestoan.

Oporrak Bakean programari esker, astelehen goizean iritsi ziren Mendebaldeko Saharako haurrak Bilboko Loiu aireportura. Loiuko pilotalekuan gosaldu ondoren, harrera familiek hartu zituzten, eta dagoeneko beren udako etxeetan daude. Darahli elkarteak bideratuta, 8 eta 9 urte arteko bederatzi haur etorri dira; horietatik hiru Azkoitian egongo dira, hiru Azpeitian, bi Zestoan eta bat Zumaian. Abuztuaren bukaera arteko egonaldia izango dute.

Darahli elkarteko Samuel Ruizek nabarmendu du, uda pasatzera Euskal Herrira etorriko diren haurrak desertuaren erdian kokatuta dagoen errefuxiatuen kanpamentuan dagoen "bero itogarritik salbu" egongo direla hilabetez. Horrez gain, medikura joango dira eta elikadura osasuntsuaz gozatzeko aukera izango dute.

Bakeleku udalekuetakoak Zumaiara

Bestalde, aurten ere, Zumaiako Darahli elkarteak Larrabetzun (Bizkaia) Bakeleku udalekua antolatu du haur sahararrentzako. Udalekuetan hamasei haur egongo dira, eta txandetan banatuta, 40 bat begiralek parte hartuko dute. Bakeleku udalekuetako hamasei haurrek uztailaren 21etik 23rako asteburua Zumaian igaroko dute, bertako familien etxeetan lo eginez. Darahlik beren etxeetan haurrak hartuko dituzten Zumaiako familiak eskertu ditu, baita Zumaiako Udala ere, ekintzak aurrera eramateko laguntza eskaini diolako Darahliri.



Bakeleku udalekuetako haurrak begiraleeekin. (Darahli elkartea)

Uztailaren 21etik 23ra artean haur sahararrak Zumaian izango direla eta, Darahlik hainbat ekintza antolatu ditu:

  • Uztailak 21, ostirala. 11:00etan, Zumaiako Udalak ongietorria egingo die haurrei. Gero, itsasoz flyschak ikusteko aukera izango dute, eta arratsaldea Santio hondartzan igaroko dute.
  • Uztailak 22, larunbata. Uda pasatzera Euskal Herrira etorritako Saharako haurrentzako ongietorri festa antolatu dute, Pasai Donibanen (Gipuzkoa). Txarangak, tailerrak, jolasak, herri bazkaria, buruhandiak, puzgarriak, apar festa eta abar izango dira.
  • Uztailak 23, igandea. Zestoan, jolasak, puzgarriak eta bazkaria izango dira.

 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide