Iseka taldearekin hasi zinen musikaren munduan, oso gaztea zinela.
14 urte genituen garai hartan, eta gure adineko guztiek futbolean jokatzea zuten buruan, baina nik musika nuen gustuko. Zumaiako lokal batean egiten genituen entseguak, bertan pasatzen genituen arratsaldeko ordu gehienak, burura etortzen zitzaizkigun ideia guztiak bildu eta musika egiten. Garai hartako oso oroitzapen onak ditut.
Taldea osatzen genuen guztiok lagunak ginen, musika estilo antzekoak gustatzen zitzaizkigun, eta hala hasi ginen, pixkanaka. Batak bestearengandik ikasten genuen, eta espero dut noizbait talde hura berriz ere elkartzea. Beti izan dut buruan zaharragoak garenean eta denok Zumaia inguruan gabiltzanean elkartzeko ideia.
Zuregatik single berria Iseka taldearekin sortutako kanta baten bertsioa da.
Zuregatik abestia 16 urte genituela galdu genuen lagun baten omenez sortutakoa da. Orain, ordea, instrumentu gehiago sartu dizkiogu, eta beste ukitu bat eman diogu. Madrilgo Estudio Unon grabatu genuen, hainbat musikariren laguntzarekin. Nire iritziz, nahiko hunkigarria geratu da bertsioa, baina beharrezko indarra ere badu. Azken finean, pop eta rock doinuak nahasten ditu.
Zergatik bertsionatu duzue orain?
Abesti hori sortu genuenean oso gazteak ginen, eta egia esan, ez geneukan musika munduan gaur egun daukagun jakintzarik, ezta baliabiderik ere. Hasiera batean, gure asmoa zen abestiari baxua, bateria eta beste instrumentu batzuk sartzea, baina ez geneukan oso argi hori nola egin. Azkenean, akustiko modura egin genuen kanta, eta nire ustez, bertsio hura ere oso polita geratu zen. Baina, oraingoan, hain maitea dugun abestiari beste buelta bat eman nahi izan diogu. Orain askoz ere jakintza handiagoa daukagu kontu honetan; musika ekoizten ikasi dugu, eta hori baliatu nahi izan dugu bertsioari beste ukitu bat emateko. Hala ere, abestiaren esentziak lehengo bera izaten jarraitzen du.
Horrez gainera, hainbat musikariren laguntza jasotzeko zortea izan dugu; Juanma Montoyarena eta Cristian Delgadorena, besteak beste. Horrelako pertsonekin lan egiteko aukera izatea plazer hutsa da; asko dakite musikaz eta asko lagundu digute. Isekakoak eta Ainhoa Larrañaga ere lanaren parte izan dira. Iseka taldearekin sortutako abestia da izatez; beraz, taldekideek bertsioan parte hartzea ere beharrezkoa zen. Bestalde, Larrañaga koruak egiteaz arduratu da.
Nolako harrera izan du abestiak?
Hasiera-hasieratik oso ondo hartu dute abestia. Ni, behintzat, oso gustura nago; bai egindako lanarekin, baita publikoarengandik jasotako babesarekin ere. Ingurukoen mezu asko jaso ditut oso polita iruditu zaiela esanez, eta hori da, azken finean, musika egiten dugunontzat garrantzitsuena; jendearengana heltzea. Kanta barru-barruan daramagu, bereziki, lagunartean. Gure bizitzako momentu oso garrantzitsu batean sortutakoa da, eta haiengandik ere oso feedback ona jaso dut. Alde horretatik, oso pozik nago.
Bigarren diskoaren ekoizpen lanetan zabiltza orain. Zer ekarriko du disko berri horrek?
Jada hiru urte daramatzat bigarren diskorako abestiak egiten. Azkenean, ni ari naiz single guztiak ekoizten, eta horrek ere bere denbora eskatzen du. Oraindik ezin dut data zehatz bat eman, baina uste dut bigarren disko honi ez zaiola denbora asko geratzen argitaratzeko. Laster izango da, hori seguru.
Zuk zeuk sortzen eta ekoizten dituzu abestiak.
Bai, hori da. Neure abestietan sortzaile eta ekoizle lanak egiten ditut, baina nahasketak eta beste kontu batzuk egiteko laguntza izaten dut. Azken finean, musikan batez ere, oso garrantzitsua da albokoei entzutea; zuk egiten ez dakizkizun horiek egiten lagun zaitzakeen norbait aurkitzea. Pentsaera irekia izan behar du musikari batek; besteen iritziak entzutea behar-beharrezkoa da. Askotan, adibidez, kantu baten sorkuntzan denbora asko pasatu duzunean, ez dituzu kantu horrek izan ditzakeen akatsak edo hobekuntzak ikusten. Gainera, askotan oso zaila da objektiboa izatea, eta horregatik esaten dut nik beti alboan ditugunei kasu gehiago egin behar zaiela, haiek ikusten baitute askotan guk ikusten ez dugun hura.
Disko berriaz gain, beste proiekturik ba al duzu martxan?
Oraingoz kontzertu batzuk ematen ari naiz Veintiuno taldearekin. Uda osorako jaialdiak eta aparteko kontzertuak ditut hitzartuta. Egia esan, lan nahikoa daukat uda sasoirako. Nire diskoarekin buru-belarri ari naiz lanean, baina tarteka horrelako lanak hartzeak ere asko betetzen nau.
Datorren lana aurkezteko aitzakiarekin etxera itzultzeko asmorik bai?
Bai. Denbora daramat Madrildik alde egiteko ideiari bueltaka. Egia da bertan jende asko dagoela eta mugimendu handia egon ohi dela arlo guztietan. Baina zarata tarteko eta hainbeste jenderen artean kosta egiten zait egunerokotasunean guztiz eroso sentitzea.
Ondo nago Madrilen, eta esan bezala, hemen musika munduko jende garrantzitsuarekin lan egiteko aukera handia dago, baina etxera itzultzeko gogoa daukat. Espero dut hori laster izatea; urte hauen ondoren Euskal Herrira itzuli eta berriz ere betiko jendez inguratzeko irrikaz nago. Gainera, laster ekingo diet emanaldiei. Hau da, diskoa argitaratu bezain laster kontzertu birarekin hasteko asmoa daukat. Kontzertu bira horretan, noski, derrigorrezko geldialdia izango da nire herrikoa, Zumaiakoa. Lagunekin eta etxekoekin gozatzeko garaia dela uste dut; beraz, laster izango naiz bueltan.