Algorriko ibilbidean hezitzaile bat egongo da uztailean eta abuztuan

Intza Trula 2023ko uztailaren 13a

Algorri ibilbidea. (Zumaia.eus)

Paisaia Natura Babestua sustatzeko hezitzaile bat egongo da Algorrin Zumaiako Udalak, Gipuzkoa Foru Aldundiak eta Geoparkeak elkarlanean adostuta.

Algorriko ibilbidean hezitzaile bat egongo da uztailean eta abuztuan, Paisaia Natura Babestua sustatzeko asmoz. Zumaiako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Geoparkeak elkarlanean adostu dute ekintza hau, eta hezitzaileen lana "bisitariei biotopoaren segurtasun eta kontserbazio arauak betetzeko informazioa ematea" izango da. 

Modu honetan, eremu horretan bisitari gehien dauden momentuetan, "ibilbidea errespetatzeko eta pertsonen segurtasuna bermatzeko arretaz aritu daitezen" lan egingo dute. Zehazki, uztaileko asteburu eta jaiegunetan, eta, abuztuan zehar, hilaren 1etik 20ra bitartean egunero egongo da hezitzaile bat ibilbidean. 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 19:00etara egingo dituzte txandak, eta Geoparkeko txartelarekin identifikatuta egongo dira.

Aste Santuetako oporretan egin zuten lehenengo proba, eta balorazioa "positiboa" izanik, udaran zehar ere aurrera jarraituko dute ekimenarekin. Jakina denez, Algorriko ibiltokia Deba-Zumaia itsasertzeko Paisaia Natura Babestuaren parte da —0404/LI/2021 Foru Aginduak erregulatzen du babesa—. Hori horrela izanik, eremu horrekiko ardura duten hiru instituzioek (Zumaiako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Geoparkeak) "babesa bermatzeko" neurri bateratu hau martxan jartzea erabaki dute. 

 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide