Bizimodua ere berreskuratzen

Maria Maya Manterola 2023ko uztailaren 14a

Iturain eta Manterola, tranpadura zenaren eta termometroaren aurrean. (Maria Maya Manterola)

Bihar eta etzi Beduola elkartearen topaketa izango da Zumaian. Ontzi berrituak erakusteaz gain, garai bateko arrain salmentaren eszenifikazioa egingo dute, ondare inmateriala berreskuratuz. 

Beduola elkarteak batel ugari berreskuratu ditu azken urteotan. Horiek berritu eta uretaratu ez ezik, ondare inmateriala berreskuratzeari ekingo dio asteburu honetan. Izan ere, ekintza sorta bat prestatu dute biharko eta etzirako, eta ontzi berrituak erakusteaz gain, garai bateko arrain salmentaren eszenifikazioa ere egingo dute. 

Asteburu honetan ospatuko dira Karmengo jaiak. Antzinan, Erroman, Isis jainkoari eskainitako hiru ospakizun zeuden; Stella Maris, Itsasoko Izarra eta Karmenak. Lehenengoan, uztailaren 16tik 19ra bitartean, arran- tzaleen gremioei lotutako jai herrikoiak ospatzen zituzten. Jaiegun hori Sirio Izarrarekin lotuta zegoen, eta Stella Maris –Itsasoko Izarra– izena ematen zitzaion. Kristau tradizioak jai hori Karmengo Ama bihurtu zuen, marinelen zaindaria, eta horren harira prestatu dute asteburuko topaketa.

Duela lau urte ere antzeko zerbait egin zutela gogoratu du Beduolako kide Inaxio Manterolak, baina plan hori "konpletoago" prestatu dute aurtengoan. 

Berritu dituzten ontzi guztiek desfilea egingo dute bihar, eta bide batez, berreskuratu berri duten Santa Faustina ontzia uretaratuko dute. Manterolak azaldu duenez, 1944an Pasaian (Gipuzkoa) egindako batela da, eta haren nagusia izandakoaren semeak zuen gordeta, Pello Eizagirrek. "Garin eraikitzaileak Kandido Eizagirreri saldu zion Santa Faustina 1.500 pezetatan", azaldu du Manterolak. Batel txiki samarra da, tosta bat gutxiago du, baina arraunerako "oso ona" dela irizten dio Manterolak. Arrantzarako erabiltzen zuten, eta 500 kilo arrantzatzeko baimena zuen ontziak. 

Manterolak ez du dokumentazioa topatu, baina azaldu du oso azkarra izatearen fama zuela ontziak: "Garai batean apustuak egiten ziren. Jose Luis Korta aritzen zen horretan, baita Xurdo pasaiarra ere. Irabazi egin omen zion Kortari Santa Faustina Eizagirreri eskatuta". Bost metroko luzera du, eta 1,15 metro zabal da. 

Salmenta, dantza eta festa

Igandean, berriz, garai bateko arrain salmentaren eszenifikazioa egingo dute, arranplatik sardinekin sartu eta Kofradiara joanda. 

Goizeder Iturain Beduola elkarteko kideak azaldu du han eta hemen galdetu behar izan dutela guztia prestatzeko: "Arraina portura nola sartzen zen galdetu genuen, baina zalantza asko genituen, leku batzuetan sirena jotzen zutelako, eta Zumaian, kanpaia. Gainera, kanpai hots ezberdinak zituen arrain bakoitzak; sardinak hiru, dirudienez. Hori guztia galdetu dugu". 

Mutrikuko (Gipuzkoa) bentaria izan zen duela gutxi Beduolako kideekin, bentaren nondik norakoak azaltzen. "Arranplara edo orduko portura sartzen zen arraina, eta handik lehengo Justa tabernaren atzealdera eramaten zuten, tranpadurara. Balantzan pisatu eta kiloan zenbat arrain ale zeuden kalkulatzen zuten. Bentaria goitik behera hasten zen: Glorioso San Telmok, 200 kilo antxoa: 25 pezeta, 24,5 pezeta, 24... Harik eta batek bolari ematen zion arte". Prozedura hori antzeztuko dute Kofradian, sardina janarekin eta dantza emanaldiekin batera. 

Egitaraua

Bihar, larunbata

10:00. Kanpotik datozen batelei eta txalupei harrera, eta batelak arranplan lagatzea.
11:00. Sta. Faustina ontziaren  botadura. 
12:00. Paoleruntz irten, eta ondoren, herrira bidean batel bakoitzaren aurkezpena.
14:30. Merenderoan bazkaria. 
19:00. Herrira itzulera. 

Etzi, igandea

10:30. Itsasora nabigazio librea, arranplatik.
13:00. Eszenifikazioa: batelak sardinekin sartu arranplaraino. Bertan hasita, kofradiaraino garai bateko arrain salmentaren eszenifikazioa.
13:30. Benta eta dantza.
14:00. Sardina jana Estalapean.
17:00. Batelak altxa eta agurra.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide