Igandean egingo dute Urolaren Igoera-Jaitsieraren 47. edizioa ehundik gora piraguistak, Itxas Gainek antolatutako proban. Aurtengoan 12:00etan emango diete hasiera probari Santiago hondartzan, eta aurreko urteetan ez bezala, bi aldiz igaroko dira erriotik. Izan ere, Trenzubi azpitik igarotzea galarazita dagoenez, ibilbidea aldatu behar izan dute. Hemen ikus daiteke aurtengo ibilbidea:
Gogorarazi nahi izan dute, bestetik, 11:50etik 13:00ak aldera arte ontziek ezin izango dutela kirol portutik irten. Behin proba amaituta, lehorrean jarraituko du hitzorduak. Parte hartzaileei paella eskainiko diete Itxas Gaineko kideek, 6 euroren truke.
Urola-Txiki proba
Helduek ez ezik, alebin eta kimu mailako piraguistek ere parte hartu ahal izango dute igandean. Helduen proba amaitutakoan egingo dute 1.600 metroko karrera, 13:15 aldean.
