Gaur egun bere lanak azoketan eta enkarguz saltzen ditu, eta Zumaiako adar jole taldeko partaidea ere bada.
Animalien adarrak lantzen dituzu. Nondik datorkizu zaletasuna?
Adarraren soinua entzutea betidanik gustatu izan zait, eta Zumaian sortu genuen joaldun talde batekin hasi zen guztia. Ez geneukan hura osatzeko materialik eta bila ibili ginen alde batera eta bestera. Nafarroako artisau batengana jo genuen, hark adarrak egiten zituen, besteak beste, baina ez genuen talderako gustukorik ikusi, eta esku hutsik itzuli ginen handik. Momentu hartan adarrak nik neuk egitea otu zitzaidan, eta horretarako adarrak non lortu begiratzen hasi nintzen. Hala hasi nintzen, nire kasa, eta pentsatuko duzuen bezala, lehenengo adarrak hala moduzkoak atera zitzaizkidan, baina gaizki egindakoaz ikasi, eta pixkanaka trukua hartzen hasi nintzen.
Zenbat urte daramatzazu horretan?
Duela hogei urte hasi nintzen, Zumaiako joaldun taldea sortzearekin batera.
Non sortzen dituzu adarrak?
Etxeko garajean egiten ditut. Traste pila bat dut bertan, eta gehienetan bertan lantzen ditut adarrak. Hala ere, eta etxekoei grazia askorik egiten ez badie ere, garajean aspertzen naizenean etxeko sukaldera lekualdatzen naiz. Etxean egiten dut guztia.
Zenbat denbora eskaintzen diozu pieza bakoitzari?
Adar bakoitzak bere denbora eskatzen du, eta tamaina ere kontuan izan behar dugu. Adar txiki bati forma ematen sei ordu inguru pasatu ditzaket, eta handi batekin, berriz, zortzi inguru. Barrukoa hustu behar da lehenengo, eta ondoren, lixatu eta txukundu egiten ditut.
Adarrak lantzeaz gain, jo ere egiten dituzu.
Bai, adarrak egiteaz gain jotzea ere asko gustatzen zait; Zumaiako adar joleen taldeko partaidea naiz. Euskal Jaietan, Emakumeon* Etxeak antolatzen dituen ekintzetan, Artisau Azokan eta beste hainbat ekitalditan jo izan dut adarra. Galtzen ari den zerbait da, eta hori gerta ez dadin jarraitzen dugu guk lanean.
Soberan daukazun materialarekin, berriz, bitxiak egiten dituzu.
Adarra amaitzean beti soberan geratzen dira zati batzuk, eta zakarretara ez botatzeagatik gorde egiten nituen, baina ez nuen ezer egiten beraiekin. Duela zortzi urte bikotekideak eta biok Oportora [Portugal] bidaia egin genuen, eta han emazteak eraztun batzuei begia bota zien, eta erosi egin behar zituela sartu zitzaion buruan. Orduan konturatu nintzen soberan nituen zatiak bitxiak egiteko erabil nitzakeela, eta oporretatik bueltan belarritakoak, lepokoak eta eraztunak egiten hasi nintzen.
Azoketan saltzen dituzu bai bitxiak, bai adarrak.
Bai. Zumaian, udaran, Artisau Azoka antolatzen da, eta bertan saltzen ditut bai bitxiak, bai adarrak. Horrez gain, Euskal Jaietan ere jartzen dut postua. Beste herrietara ez naiz joaten, Zumaian bakarrik saltzen ditut egindakoak. Hala ere, azoketan adar gutxi saltzen dira, normalean pertsonalki egiten dizkidate eskariak, bai ingurukoek, bai ingurukoen lagunek.
Zeure ondorengoek jarraitu al dute zaletasun honekin?
Alaba bakarra daukat, eta oraingoz ez dauka honekin jarraitzeko itxura handirik. Adarra jotzea gustuko du, eta ondo jotzen du gainera, baina ez da horiek egiten saiatu, oraingoz.