Helene Alberdi ironman distantziako probetan estreinatu zen atzo Gasteizen. Lasterketan bosgarren postuan sailkatu zen, eta horri esker, Hawaiiko Ironmanerako txartelarekin itzuli zen etxera triatleta.
Uretatik ateratzen lehena izan zen Alberdi; 52:51ko denborari esker emakumezkoen igeriketa errekorra hautsi zuen kirolariak. Hiru minutu beranduago atera ziren Els Viser, Svenja Thoes eta Michelle Vesterby uretatik, eta haien atzetik, berriz, atzoko lasterketako garaile Gurutze Frades. Dena den, probak aurrera egin ahala, aldatuz joan ziren podiumeko postuak.
Gasteizko Ironmana Fradesek irabazi zuen, proba zortzi ordutan, 46 minututan eta 18 segundotan bukatuta. Alberdik, berriz, bederatzi ordu, 21 minutu eta 31 segundo behar izan zituen debuteko ironmana bukatzeko. Garaipena lortu ez bazuen ere, irailean Hawaiin izango den iroman lasterketara sailkatzea lortu zuen Zumaiako bizilagunak.