Zumaiarren doinuak

Manu Aizpuruaren doinuak

Erredakzioa 2023ko abu. 2a, 10:04

Manu Aizpurua San Telmoetako bertsio gauean. (Utzitakoa)

Ingeniaritza ikasketak egindakoa da Manu Aizpurua, eta gaur egun irakasle modura lan egiten duen arren, badu tarterik gustukoen duena egiteko ere. Izan ere, txikitatik gustatu izan zaio musika mundua, eta hainbat zumaiarrek sortu berri duten Bikabi taldeko abeslaria eta gitarra da. Gogoko dituen bost abesti aukeratu ditu atal honetarako.

1. Bohemian rhapsody (Queen)

"Queen izan zen barrenak mugitu zizkidan lehen taldea, eta bereziki kanta hau. Kotxean beren diskoa geneukan, eta oporretara bidean gai nitzen helmugara iritsi arte behin eta berriro entzuteko. Arrebak ni lokartu zain geratzen ziren beste disko bat jartzeko, normala den bezala".

2. Lagunen artean (The Friday’s Crew)

"Nerabezaroan punk-oi musika zen gehien entzuten genuena lagunartean. Garai hartako abestietatik bereziena The Friday’s Crew Azpeitiko taldearen kanta hau dela esango nuke. Himno batean bilakatu zen, eta oraindik ere parrandan jartzen badute eztarria urratu arte abesten dugu".

3. Cicatrices (Skakeitan)

"Skakeitan taldearen Nola galdu denbora (2019) beraien ibilbidean ez ezik, euskal musika panoraman mugarri izan zela uste dut. Sekulako kantez josita dago, baina Cicatricesek badu zerbait gainontzekoek ez dutena; rap, eletronika eta haizezko instrumentuak uztartzen dituzte melankoliaz betetako kanta bat egiteko".

4. Plug in Baby (Muse)

"Queen taldearekin izan nuen sentsazio bera izan nuen Muse deskubritu nuenean. Beren soinu propioa dute eta ikaragarri originalak dira, Queen bezala. Muse zer den ondo ulertu nahi duenari Erromako estadio olinpikoan jo zuten Plug in Baby jarriko nioke, hori bai hori ikuskizuna". 

5. Doomed (Live at the Royal Albert Hall) (Bring Me The Horizon)

"Talde hau metal alternatiboko eszenan gertatzen ari den iraultza lideratzen ari dela esan genezake: elektronika, koro askokoa, melodia garbiak ahotz zikinekin nahastuta… Londreseko Royal Albert Hall antzoki famatuan Parallax orkestrarekin batera eman zuten kontzertua ikusi besterik ez dago zeinen onak diren ulertzeko. Ez dakit zenbat oraindu zuten hara bertaratu zirenek, baina nik zenbat ordainduko nukeen esaten badut, agian amak ez dit etxean sartzen utziko". 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide