Azaroaren 30eko greba feminista orokorra antolatzen hasi dira jada

Maria Maya Manterola 2023ko uztailaren 19a

Zumaiako Greba Komitearen lehen bilera, duela astebete, Emakumeon* Etxean. (Zumaiako Mugimendu Feminista)

Herriz herri greba antolatzeko taldeak sortzen ari dira dagoeneko. Zaintza eskubide kolektiboa aldarrikatu eta gaia gizarteratzeko baliatuko dute greba. 

Mugimendu Feministak Martxoaren 8arekin iragarri zuen udazkenean greba orokorra deituko zuela. Dagoeneko ezarri dute data: azaroaren 30ean izango da, eta herriz herri Greba Komiteak sortzen hasi dira dagoeneko. 

Denon Bizitzak Erdigunean prozesuan erabaki zuten greba deitzea, zaintza sistema publiko eta komunitarioa aldarrikatzeko. Izan ere, mugimendu feministaren ustez, ekonomian ez kuantifikatu arren, zaintza lanek sostengatzen dute sistema ekonomikoa. Joan den urtean Gasteizen egindako jardunaldietan zaintzaren inguruko ulerkera komuna ezartzeaz gain, aldarrikapenak azaleratu eta lehentasunak zehaztu zituzten, eta baita mobilizazio ziklo baten beharra nabarmendu ere.

Euskal Herrian, gainera, zaintza lan horiek gero eta pribatizatuago eta feminizatuago daudela uste dute. Administrazio publikoaren ardura agerian utzi nahi izan dute, "gehienetan enpresa pribatuen esku utzi eta zaintza lanak prekarizatzen" utzi dituzten arren. 

Zaintza eskubide kolektiboaren alde egin du Euskal Herriko Mugimendu Feministak, eta horretarako, bi esparrutan eman nahi ditu aldaketak: egoera prekarizatuenei erantzuna ematea, batetik; eta sistema heteropatriarkal, kapitalista eta arrazistari aurre egingo dion eta bizitza erdigunean jarriko duen sistema soziala irudikatzea, bestetik. Hala, sistema publiko-komunitario bateranzko bidea egin nahi dute. 

Abiapuntua

Herri akordio bat osatzeko bidean hasi da Euskal Herriko Mugimendu Feminista, horrekin euskal eta nafar gobernuak interpelatzeko. Herri akordio horren txapela zaintza eskubide kolektiboa izango dela azaldu dute. Greba feminista orokorra ez da prozesuaren helmuga izango, abiapuntua baizik. Mugimendu Feministak azaldu duenez, "zaintzaren gaia gizarteratzeko tresna" gisa planteatu dute greba. Orokorra izango da, zaintza eskubide kolektiboa borrokatzea "denon ardura" dela uste baitute, baina "feminista izango da lehenik eta ezinbestean", Mugimendu Feministako kideen hitzetan. 

Duela astebete egin zuten Zumaian lehen bilera irekia, eta sortu dute dagoeneko Greba Komitea. Datozen hilabeteetan ere prozesura batzera deitu dituzte herritarrak, herrietako nahiz auzoetako deialdiei erantzunez.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide