Distira Zumaiako argazki elkarteak atzo arratsaldean egin zuen Zuri-beltzeko XXXV. Argazki Lehiaketaren sari banaketa ekitaldia. Arturo Lopez Illanaren Diferente lanak jaso zuen aurten epaimahaiaren lehen saria; bigarren saria Juan Luis Duran Guionentzat izan zen, A la luz de las velas lanagatik; eta hirugarren argazkirik onena, berriz, Manel Puigcerver Olivanen Volando lanak jaso zuen. Azkenik, zumaiar onenaren saria Jorge Murgiondori eman zioten, Viaje con el suegro lanagatik.
Sari banaketarekin batera, lehiaketan parte hartu duten lanen erakusketa zabaldu zuten Oxford aretoan. Horrenbestez, aipatutako irabazleen lanaz gain, epaimahaiak hautatutako 36 argazkirik onenak egongo dira bertan ikusgai. Erakusketa abuztuaren 6era arte egongo da bisitatzeko aukera.
Gaia librea
Elkarteak antolatutako azken lehiaketa honetan zuri-beltzeko argazkiak aurkeztu behar izan dituzte parte hartzaileek. Gaia, aldiz, librea izan da, "jendearen parte-hartzea bultzatzeko", antolatzaileek adierazi dutenez. Horrez gain, beharrezkoa izan da eduki guztia argazkilariarena izatea; hau da, ez dute Photoshop edota antzerako tresnen erabilerarik onartu. Halaber, bakoitzak lau argazki aurkeztu ahal izan ditu gehienez ere lehiaketara.
Aurtengoan, 98 lagunek aurkeztu dituzte beraien lanak lehiaketara, eta guztira 392 argazki jaso ditu epaimahaiak.
Zuri-beltzeko lehiaketan edonork har zezakeen parte. Hori dela-eta, Euskal Herriko argazkilariez gain, beste hainbat herrialdeetako argazkilarien lanak ere jaso dituzte: Argentina, Indonesia, Belgika, Italia, Mexiko eta Ukraina. "Bertakoen lanaz gain, hainbeste herrialde ezberdinetako lanak jasotzea oso aberasgarria da lehiaketarentzat", aitortu dute.
Horrelako ekimenekin "argazkigintzaren garapena bultzatzea eta Zumaiako zein inguruko zaleak biltzea" da Distiraren xede nagusia. 1990. urtean sortu zuten argazki elkartea, eta harrezkero askotariko lehiaketak antolatu dituzte Zumaiako Udalarekin elkarlanean: zuri-beltzeko lehiaketa, Udaberriko rallya eta Olarro Eguneko rallya, besteak beste. Gainera, herritarrak formatzen eta trebatzen jarraitzeko argazkilaritza digitaleko ikastaroak ere eskaintzen dituzte urte osoan zehar.