"Euskaraz bizi nahi" dutela eta "erasorik ez" egiteko aldarrikatu dute hamarnaka lagunek

Jabi Gonzalez Toston 2023ko uztailaren 21a

Larraina elkarteak deituta, protesta egin dute hainbat lagunek udaletxearen aurrean. Espainiako Konstituzio Auzitegiaren ebazpenari aurkakotasuna adierazteko egin dute elkarretaratzea.

Hamarnaka lagun bildu ziren atzo arratsaldean udaletxearen aurrean Larraina elkarteak deituta, "euskararen eta euskaldunon aurkako oldarraldia" salatzeko. Elkarteko kideen hitzetan, "egurra egurraren gainean" jaso du euskarak azkenaldian "hizkuntza-eskakizunak, lanpostuak…" tarteko, baina "larriena" Espainiako Konstituzio Auzitegiaren azken ebazpena dela esan dute.

Auzitegi horrek Espainiako Konstituzioaren aurkakotzat jo du Udal Legearen 6.2 artikulua, zeinak udalei eskumena ematen dien beren funtzionamendurako agiriak –aktak eta txostenak, besteak beste– euskara hutsean jasotzeko. Horren aurrean, "nahikoa da" esan zuten atzo Zumaiako udaletxearen aurrean bildutako herritarrek, "euskaraz bizi nahi" dutelako. Era berean, "euskarari erasorik ez" egiteko aldarrikatu zuten.

Azkenik, Euskalgintzaren Kontseiluak azaroaren 4rako Bilbon deitu duen manifestazioan parte hartzera ere animatu zituzten herritarrak Larrainako kideek. Dena den, deitoratu zuten agian bitartean ere izango direla berriz ere elkartzeko motiboak.

Honako lotura honetan irakur daiteke gaiaz Urola Kostako Hitzak egindako erreportajea.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide