Saharako haur errefuxiatuei egindako harrera ekitaldiarekin eman diote hasiera aurtengo egonaldiari. Joan den astean iritsi ziren haurrak eskualdera, eta Oporrak Bakean programarekin udako egonaldia egingo dute eskualdeko hainbat familiatan.
Samuel Ruiz Darahli Elkarteko zuzendaria eta Marina Bidasoro, Ainhoa Illarramendi, Xabier Odriozola eta Aitor Manterola zinegotziak 11:30ean bildu dira Zumaiako udaletxean Saharatik etorritako haur errefuxiatuekin. Halaber, bertan zeuden Oporrak Bakean programan parte hartu duten familiak eta begiraleak ere.
Hori horrela, Ruizek eta zinegotziek eskerrak eman nahi izan dizkiete "Oporrak Bakean proiektua aurrera ateratzea posible egiten duten herritar guztiei", eta "datorren urtean egitasmoak jarraipena izan dezan" lanean jarraituko dutela azpimarratu dute.