Zumaiako Udalbatzak aho batez eman zion behin-behineko onespena atzoko ohiko plenoan herriko plangintzaren arau subsidiarioen dokumentua aldatzeari. Era horretara, herriko antolamendu planoa eta establezimenduen hirigintza-antolamendua eguneratuko dituzte. Ezinbesteko urratsa da hori turismora bideratutako ostatuak berme guztiekin erregulatu ahal izateko; izan ere, baldintzak ezarri ahalko dizkiete etxebizitza turistikoei, logelei eta apartamentuei.
Zentzu horretan udalak proposatzen du, besteak beste, etxebizitza eraikin bakoitzean turismora bideratutako bakarra baimentzea, udalerriko hiri lurzoru kontsolidatu osoan 250 izatea gehienez etxebizitza turistikoak eta horietatik 150 gehienez izatea erdiguneko eremukoak, eraikinetako beheko solairuetan apartamentu turistikoak debekatzea eta baimendutakoek sarrera independentea izatea nahiz logelak alokatzeko etxeko titularraren ohiko bizileku iraunkorrean izatea.
Beste gai batzuk
Bestelako gai gehiago ere landu zituzten atzoko udalbatzarrean; tartean, udaleko langile publikoek telelana eskatu ahal izateko bete beharreko baldintzak finkatzen dituen araudian moldaketa egitea onartu zuten. Orain arteko araudiaren arabera, langile publikoek urtebeteko antzinatasuna izan behar zuten, gutxienez, etxetik lan egin ahal izateko, baina pandemian baldintza hori betetzen ez zuten langileak ere etxetik aritu zirenez, eta askok hala egiten jarraitzen dutenez, baldintza hori kentzea onartu zuten.
Horrez gain, Espainiako Konstituzio Auzitegiak Udal Legearen 6.2 artikulua ezeztatzeko ebazpena izan zuten hizpide. Bada, erabakiarekiko desadostasuna eta "kezka" agertzeko erakunde adierazpena onartu zuten; izan ere, aipatu artikuluak eskumena ematen die udalei beraien funtzionamendurako agiriak –aktak eta txostenak, besteak beste– euskara hutsean jasotzeko eta Konstituzio Auzitegiak konstituzioaren aurkakotzat jo du hori. Udalbatzak EH Bildu eta EAJren hamasei aldeko botoekin eta PSE-EEko zinegotziaren abstentzioarekin onartu zuen atzoko erakunde adierazpena.
Azken hori izan zen, hain justu, atzoko ohiko udalbatzarreko gai zerrendako azkena, eta osoko bilkura amaitutakoan Larraina elkarteak deitutako protesta elkarretaratzearekin bat egin zuten zinegotzi gehienek.