Zenbatu dituzte Espainiako Gorteetarako hauteskundeetako boto guztiak Zumaian, eta 2019ko azaroan bezala, oraingoan ere EH Bilduk lortu du boto gehien Kongresurako: 2.239 (2019an 1.916 boto jaso zituen).
Gaurkoan %32,04koa izan da abstentzioa, orain lau urte baino bi puntu altuagoa. EH Bilduren ondoren, EAJk jaso du boto gehien, baina alde handia atera dio koalizioak EAJri, azken horrek 1.381 boto lortu baititu (2019an baino gutxiago, orduan 1.754 jaso baitzituen).
Hirugarren alderdi bozkatuena PSE-EE izan da, 974 botorekin, eta Sumar alderdiak 428 herritarren bozak jaso ditu. Voxek, berriz, 48 boto lortu ditu Zumaian. Emaitza guztiak hemen daude ikusgai.
Senatuko emaitzak bihar emango ditu BALEIKEk.
2019an %30eko abstentzioa
2019an bi aldiz egin ziren Espainiako Gorteetarako bozak. Apirilaren 28ko hauteskundeen ondoren akordiorik ez zuten erdietsi alderdiek, eta azaroaren 10ean bigarrenez eman behar izan zuten botoa herritarrek. Zumaian, apirilean %26,47koa izan zen abstentzioa, eta ia lau puntu handiagoa, azaroan, %30,01ekoa.
Gainera, apirilean EAJk lortu zuen boto gehien (1.858 EAJk eta 1.826 EH Bilduk), eta azaroan, berriz, EH Bilduk (1.916 EH Bilduk eta 1.754 EAJk).
Podemosek 654 boto jaso zituen (apirilean 781), PSE-EEk 772 (apirilean 840), PPk 114 (apirilean 128), eta Voxek 56 (apirilean 33). Gainerako botoak alderdi txikiek jaso zituzten. Hemen daude ikusgai 2019ko emaitza guztiak.