Urrezko dominarekin itzuli dira Irati Osa eta Begoña Lazkano Espainiako Sprint Txapelketatik

Onintza Lete Arrieta 2023ko uztailaren 24a

Osa, Amundarain, Lazkano eta Molina, pozarren dominekin. (Itxas Gain)

Itxas Gain elkarteko sei kidek parte hartu dute asteburuan Galizian jokatu den lehiaketan, eta emaitza bikainak lortu dituzte, tartean brontzezko dominak.

Piraguako Espainiako Sprint Txapelketa jokatu da asteburuan Verducidon (Galizia), eta bertan izan diren Itxas Gaineko sei kideek emaitza bikainak lortu dituzte.

Irati Osak eta Begoña Lazkanok, esaterako, urrezko domina eskuratu dute K2 1.000 metroko proban. Klubak nabarmendu duenez, "distantzia horretan aritu diren txapelketa guztietan urrea lortu dute momentuz".

Distantzia berean, Josefa Molina eta Eider Amundarain  bederatzigarren sailkatu dira, eta laurek elkarrekin K4an laugarren egin dute, "brontzezko dominatik 0,3 milesimetara geratuz".

Osak eta Lazkanok brontzezko domina ere eskuratu dute K2 500 metroetan –distantzia olinpikoa–, eta proba horretan, hamairugarren izan dira Molina eta Amundarain. Eta baita laurek ere, K4 500 metroetan.

Ion Carballo eta Aimar Amundarain K2 500 metrotan C finalean hirugarren geratu dira. K2 mistoetan, berriz, bosgarren egin dute Carballok eta Lazkanok.

Azkenik,  K1 proban Osak "ikaragarrizko zazpigarren postua" lortu du 1.000 metrotan, "urte osoan Espainiko selekzioan entrenatzen aritzen diren kirolariekin amaituz proba". Eider Amundarainek, txapelketa berean, 15. postua eskuratu du.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide