Zumaia eta Zarautz arteko trenbideko lanak luzatu egingo dituzte

Maria Maya Manterola 2023ko uztailaren 26a

Zumaiako trenzubia ere berrituko dute obran.

Uztailaren 4az gero etenda dago Zumaia eta Zarautz arteko tren zerbitzua. Abuztuaren 11ra arteko epea aurreikusten zuten lanak amaitzeko, baina Meagako tuneleko lurjausi bat tarteko, obra luzatu egingo dela baieztatu dio hedabide honi Euskal Trenbide Sareak.

Zumaia eta Zarautz artean trenbidearen azpiegitura hobetzeko lanak egiten ari da azken asteotan Euskal Trenbide Sarea (ETS), eta lan horien eraginez, etenda dago bi herrien arteko tren zerbitzua. Abuztuaren 11rako lan horiek amaitzea espero bazuten ere, luzatu egin dute epea, joan den astean Meagako tunelean izandako lurjausia dela medio. 

ETSk baieztatu dio hedabide honi lanen luzapena. Dena den, oraindik ere ez dute zehaztu zenbat denbora beharko duten obra amaitzeko. Eskualdeko bi herrien arteko garraio publiko bidezko lotura bermatuta egongo da; izan ere, autobusez ematen ari dira zerbitzua. Zarauztik Bilborako noranzkoan bi autobus jarri dituzte: batak, Eibarrera arteko bidaia egingo du zuzenean autobidetik, eta Bilborako bidea jarraitu nahi duten erabiltzaileek Eibarren trena hartu behar dute; besteak, Elgoibar izango du helmuga, eta tarteko geltoki guztietan jaitsi daitezke erabiltzaileak. Bi autobusak Zarauzko behin-behineko geltokitik abiatuko dira.

Zumaiatik Donostiarako noranzkoan ere tren geltoki parean hartu dezakete autobusa erabiltzaileek, eta bi autobus hartzeko aukera izango dute, era berean.  Donostiara arteko bidaia egiten dute biek, baina ibilbide ezberdinak dituzte: bata, zuzenean joaten da Lugaritz eta Amarako geltokietara; eta, bestea, Añorgako geltokira arte, tarteko geltoki guztietan geratuta. Tren zerbitzuak ohiko martxari eutsiko dio Zarautz eta Donostia artean eta Zumaia eta Bilbo artean.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide