Haurrentzako eta helduentzako arrantza lehiaketa antolatu du Anade ehiza eta arrantza elkarteak beste urte batez. Abuztuaren 6an egingo dituzte bi lehiaketak, eta helduen txapelketari dagokionez, izena emateko aukera zabalik egongo da abuztuaren 3an eta 4ean; parte hartu nahi dutenek Anade elkartetxera joan beharko dute, 19:00etatik 20:00etara.
Haurren lehiaketan parte hartu nahi dutenek, berriz, lehiaketaren egun berean egin beharko dute. Horrenbestez, abuztuaren 6an, XLVIII. Kabra eta Dontzeilak arrantza lehiaketa jokatuko dute helduek; haurrek, berriz, Arrain txikien XLV. txapelketa izango dute.
Helduen lehiaketa
Helduak izango dira itsasoratuko diren lehenak. Zumaiako portuan izango da irteera, eta 07:00etan hasi eta 12:00etara arte egingo dute arrantzan parte hartzaileek. Antolatzaileek azaldu dutenez, "irteera 07:30ean izan arren, neutralizatua izango da antolakuntzak itsasoan erabakitako puntu jakin batera arte". 12:30ean ontzi guztiek Zumaiako kaian egon beharko dute.
Edozein ontzi mota onartuko dute txapelketan, baina antolatzaileek azpimarratu dutenez, "ontzi bakoitzean gehienez bi lagun joango dira, eta Itsasoko Arrantzarako Lizentzia eguneratuta eraman beharko dute". Horrez aparte, gaineratu dute, "arrantza tresna bakoitzak gehienez hiru amu" izango dituela, eta, "txirrika elektrikoak guztiz debekatuta" daudela.
Hori horrela, Zumaiako barratik irten eta, ezkerrean, Aitz-txuri pareraino, eta eskuinean San Anton mendirainoko tartea izango dute arrantzaleek. Halaber, ez da egongo itsasertzetik urruntzeko mugarik.
Edozein arrain mota izango da puntuagarria, gutxi batzuk izan ezik; hala nola, berdela, txitxarroa eta antzekoak. Harrapatutako arrainen neurriak, Eusko Jaularitzaren Gutxieneko Neurrien Taulan oinarrituko direla azaldu dute antolatzaileek.
Horrenbestez, lehiaketa egunean partaide bakoitzak bere ontzian agertu beharko du irteerara, eta Kofradiako aterpean egingo dute pisaketa, baita "emaitzen prestaketa" eta sari banaketa ere.
Haurrak
Haurren txanda, berriz, 10:30ean hasi eta 13:30ean amaituko da, eta Arranplatik Talaiperainoko tartea izango dute arrantzarako. Antolatzaileek azaldu dutenez, "Haurren Federazio Lizentzia duten arrantzaleek bakarrik hartu ahal izango dute parte".
Halaber, antolatzaileek azpimarratu dute, "haurren lehiaketa jaurtiketa modalitatekoa" izango dela; eta, beraz, "heriotzarik gabeko arrantza mota" egingo dutela.
Egunari amaiera emateko, kontaketa eta sari banaketa egingo dituzte, Kofradian, helduekin batera. Haatik, antolatzaileek azaldu dute, proba bertan behera geratuko litzatekeela hura ospatzeko segurtasun neurriak beteko ez balira; hau da, lehiaketa beste egun batean egingo lukete itsasoaren egoera txarra izango balitz, bi metrotik gorako olatuak egongo balira, eta haize handiegia egongo balitz. Lehiaketa "baldintza onekin" egingo dela ziurtatu nahi dute Anade arrantza eta ehiza elkarteko kideek.