Tren geltokia eraberritzeko lanak hasiko dituzte udazkenean

Intza Trula 2023ko uztailaren 26a

Zumaiako tren geltokia. (ETS)

Eusko Jaurlaritzako Garraio Sailak, ETS erakunde publikoaren bitartez, Zumaiako geltokia eraberritzeko lanak esleitu dizkio Iza obra eta promozioak enpresari "geltokiaren irisgarritasun baldintzak hobetzeko" helburuarekin.

Zumaiako tren geltokia eraberritzeko lanak hasiko dituzte udazkenean. Eusko Jaurlaritzaren Garraio Sailak, ETS (Euskal Trenbide Sarea) erakunde publikoaren bitartez, Iza SA enpresari esleitu dizkio geltokiaren lanak "geltokiaren irisgarritasun baldintzak hobetzeko" asmoz. Lanek 1.292.451 euroko aurekontua izango dute, eta horiek hamabi hilabete inguru iraungo dutela aurreikusten dute.

Eraberritzearen zatirik garrantzitsuena sarbideko beheko pasabidearen aldaketa izango da. Izan ere, horren ordez, edukiera bikoizteko eta nasak igogailuarekin eta eskailera finkoekin konektatzeko beste pasabide bat jartzea da asmoa. Horrenbestez, 2,4 metroko zabalera izan ordez bost metrokoa izango du pasabideak. Horrez gain, nasekiko lotura igogailuaren edo eskailera finkoen bidez egin ahal izango da. 

Halaber, geltokiko zoladura osoa aldatzeko lanak egingo dituzte; bi nasetarako eskaileren aztarnak barne, baita nasen eta eskaileren arteko beheko pasabidearen egungo alikatatua ere. Horrez aparte, argiteria aldatzeko ere baliatuko dituzte obrak. Gainera, igogailuaren instalazioari esker, egungo arrapalak bete eta itxi ahal izango dira, baliogabetutako solairuko azalera arrapala gisa aprobetxatuz, nasen azalera erabilgarria handitzeko.

ETSk azaldu duenez, Zumaiako geltokiaren "irisgarritasun baldintzak hobetu" nahi dituzte proiektuarekin "sareko puntu beltzen azterlanean antzeman diren gomendioak kontuan hartuta". Gomendio horiek ETSk uela urtebete argitaratutako geltokiak genero ikuspegiarekin diseinatzeko irizpideen Liburu Zurian daude jasota.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide