Gaizka Rodriguez: "Posible ikusten dut datorren denboraldiko Espainiako txapelketan domina bat lortzea"

Intza Trula 2023ko uztailaren 30a

Gaizka Rodriguez igeriketako txapelketa batean. (Utzitakoa)

Gaizka Rodriguezek (Zumaia, 2004) urteak daramatza igeriketa munduan murgilduta. Txapelketa ugari jokatu ditu aurtengo denboraldian, baita emaitza bikainak lortu ere. Aurten jokatutako txapelketen artean dira, besteak beste, Espainiako neguko txapelketa, Gipuzkoako udako txapelketa eta Euskadiko udako txapelketa. Halaber, San Pedro jaietan, aurtengo denboraldian nabarmendutako kirolarien artean izan zen Rodriguez.

Nondik datorkizu igeriketarekiko interesa eta noiz hasi zinen kirol hori praktikatzen?

Txikitatik gustatu izan zait igeriketa, eta betidanik izan dut kirol horretan lehiatzeko nahia. Hala ere, 13 urterekin hasi nintzen igerian, eta garai hartan Zumaian ez zegoen klubik. Gurasoekin hitz egin ondoren, lehiatzeko aukera emango zidan klub baten bila hasi ginen, eta Zarautzekoa gustatu zitzaigun gehien. Probak egitera joan nintzen bertara, eta ondo joan zirenez, bertan sartu nintzen. 

Gaur egun Zarauzko klubean jarraitzen duzu.

Bai, hori da. Sei urteren ondoren, talde horretan jarraitzen dut, eta etorkizunera begira, ez daukat aldatzeko asmorik.

Malagatik etorri berri zara, Espainiako txapelketa jokatzetik.

Bai. Azken astea han pasatu dut, Espainiako txapelketan lehiatzen. Egia esan, ez dut nire markarik onena lortu, baina gustura itzuli naiz egindako lanarekin. Lehiari dagokionez, hobetu beharra daukadala uste dut, baina esperientzia oso ona izan da orokorrean. 50 metro tximeleta proba jokatu dut bertan, eta, nire kategorian, 23. postuan sailkatu naiz.

Nolako prestakuntza eskatzen du Espainiako txapelketak?

Urte sasoiaren eta txapelketaren mailaren araberakoa izaten da prestaketa. Adibidez, urte osoan zehar, astean sei egunez entrenatzen dut. Hala ere, datorren txapelketaren mailak eskatzen badu, entrenamendu saio gehiago egiten ditut. Martxoan beste Espainiako txapelketa batean izan nintzen, eta hara joan aurretik, hilabetez, bederatzi entrenamendu egin nituen astean. Txapelketarako bi aste geratzen direnean erritmoa jaisten dugu, eta entrenamenduak gutxitzen ditugu lehiaketara ondo iristeko.

Txapelketa mordoa jokatu dituzu azken denboraldian. Zeintzuk nabarmenduko zenituzke?

Denboraldi honetan jokatutako lehiaketetan honako hauek nabarmenduko nituzke: Espainiako neguko txapelketa; Gipuzkoako udako txapelketa; Euskadiko udako txapelketa; eta, azkena jokatutako Espainiako txapelketa. Gipuzkoako lehiaketan bi domina eskuratu nituen, eta Espainiako neguko txapelketan laugarren postuan sailkatu nintzen.

Denboraldiko azken txapelketa izan da Malagakoa. Zer asmo duzu datozen asteetarako?

Orain deskantsatzeko unea da. Igeriketako denboraldiak nahiko luzeak izaten dira; normalean, irailean hasi eta uztaila bukaerara arte izaten ditugu txapelketak. Abuztua bakarrik geratzen zait libre.

Datorren denboraldiari begira, zer txapelketa jokatzeko duzu gogo gehien?

Espainiako txapelketa, zalantzarik gabe; asko gustatuko litzaidake horrelako txapelketa batean final handira sailkatzea. Ilusio handia egingo lidake halako txapelketa batetik domina batekin itzultzeak, eta datorren urtean hori lortzea posible ikusten dut, ondo entrenatuta eta lan asko eginda.

Nola baloratuko zenuke bukatu berri den denboraldia?

Denboraldi zaila izan da, aldaketa asko izan ditut aurten. Unibertsitatean hasi naiz, eta bi gauzek denbora asko eskatzen didate. Zerbait lortu nahi duzunean lana egin behar izaten da, eta gauza asko utzi behar izaten dira alde batera, baina lan horrek ondoren bere saria ekartzen du.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide