Irailaren 23an ospatuko da aurtengo Olarro Eguna, eta olagarroa zein itsasoko produktuak dastagai izango dira txosnetan, sukaldaritza erakustaldian nahiz herri bazkarian. Horrek guztiak eskatzen duen lana tarteko, herriko elkarteen laguntza behar du Zumaiako Udalak.
Aipatutako ekintzetan parte hartzeko interesa dutenek honako baldintzak bete beharko dituzte:
- Zumaiako herriaren edota biztanleen onurarako, kirol, kultur edo gizarte mailan, etekin ekonomiko propiorik gabe, modu iraunkorrean lan egiteko eratu diren elkarteek har dezakete parte deialdian.
- Elkarte horiek udalak herriko taldeen artean dirulaguntzak emateko orduan onartutako oinarri berberak bete beharko dituzte (Gizarte Segurantzarekin eta Ogasunarekin zorrik ez dutela ziurtatu).
- Horrez gainera, euskaraz jarduteko gai izan beharko dute, eta, edariak banatzerakoan, ez dira adin txikikoak izango.
Honako hauek izango dira Olarro Egunean egin beharreko lanak:
Txosnetako lana
- Ostiralean, talde bakoitzetik hogei lagun –16 urtetik gorakoak– beharko dira gutxienez, olagarroa mozteko eta brotxetak egiteko.
- Larunbatean, 09:00etatik 23:00etara olagarro zopa prestatu beharko da goizean banatzeko, eta arratsaldean txosnetan brotxetak banatu. Talde horrek, halaber, azpiegitura muntatu beharko du. Edariak ere taldearen esku izango dira. Hamabost eta hogei lagun inguru beharko dituzte horretarako.
Herri bazkarian zerbitzatzea
- Lan horren ezaugarri nagusiena da 600 laguni herri bazkaria zerbitzatzeko beharrezkoak diren azpiegiturak eta tresnak ezartzea, bazkaria ateratzea, txartelak kentzea eta karpara sarrerak zaintzea, baita ondorengo txukuntze eta jasotze lanak egitea ere. 35 lagun inguru beharko dira lan horietarako.
- Sukaldaritza erakustaldirako beharrezko azpiegitura prestatu eta jasotzeko ardura izango du talde horrek.
Horrez gain, muntatze eta desmuntatze lanak udalaren eta herri bazkariko eta txosnetako kudeatzaileen artean egingo dira.
Izena ematea eta antolaketa bilera
Udalak proposatutako lan horietan parte hartzeko interesa duten herriko elkarteek abuztuaren 31 baino lehen eman beharko dute izena. Horretarako, 943-14 33 96 telefono zenbakira deitu edo turismoa@zumaia.eus helbidera mezua idatzi beharko dute.
Talde guztiak irailaren 1ean bilduko dira Alondegian, 18:30ean, eta orduan egingo da lan banaketaren zozketa. Eginbeharren inguruko xehetasun guztiak ere bilera horretan azalduko dituzte.