Anade ehiza eta arrantza elkarteak antolatuta, haurrei eta helduei zuzendutako arrantza lehiaketak egingo dituzte igandean; XLVIII. Kabra eta Dontzeilak arrantza lehiaketa eta Arrain txikien XLV. txapelketa, hain justu ere.
Helduak izango dira itsasoratzen lehenak, eta 07:00etatik 12:00etara egin ahal izango dute arrantzan. 12:30erako ontzi guztiek Zumaiako kaian egon beharko dute. Edozein ontzi mota onartuko dute txapelketan, baina bakoitzean bi lagunek baino ezingo dute joan. Kofradiako aterpean egingo dute pisaketa, baita emaitzen prestaketa eta sari banaketa ere.
Haurren lehiaketa apur bat geroago jokatu da, 10:30etik 13:30era, Arranplatik Talaiperainoko tartean. Parte hartzeko Haurren Federazio Lizentzia izatea beharrezkoa izango da. Lehiaketa jaurtiketa modalitatekoa izango da; eta, beraz, heriotzarik gabeko arrantza mota egingo dute. Jardunaldiaren amaieran, kontaketa eta sari banaketa egingo dituzte Kofradian.
Helduen txapelketari dagokionez, izena emateko aukera zabalik egongo da abuztuaren 3an eta 4ean; parte hartu nahi dutenek Anade elkartetxera joan beharko dute, 19:00etatik 20:00etara. Haurren lehiaketan parte hartu nahi dutenek, berriz, lehiaketaren egun berean egin beharko dute.