"Amestutako lehen kontzertua izango da Dardara Festekoa"

Intza Trula 2023ko abuztuaren 4a

Bikabi taldea. (IƱaki Agirrezabalaga)

Manu Aizpurua (Zumaia, 1998), Unai Linazasoro (Zumaia, 1997), Alberto Hidalgo (Zumaia, 1996) eta Iñigo Gonzalez (Zumaia, 1996) Bikabiko laukoteak lehen diskoa argitaratuko du etzi: Besteen Ekaitza. Rock doinuak oinarri dituen taldeak hilaren 19an egingo du estreinaldia, Dardara Festen emango duten kontzertuan. 

Instagram kontuan Zumaiako lau gaztek osatutako rock talde modura aurkezten duzue zeuen burua. Noiz eta nola elkartu zineten?

Iñigo Gonzalez: Unaik eta nik beste talde bat sortzeko saiakera egin genuen lehenago, baina proiektua ez zen aurrera atera. Zerbait serioa egiteko gogoarekin geratu ginen, eta segituan hasi ginen berriz ere gaiari bueltak ematen. Ezagunak gara laurok; herrikoak, eta musikarekiko zaletasuna partekatzen dugu guztiok.

Unai Linazasoro: Niri Iñigok idatzi zidan bere ideia plazaratzeko. Musika ezberdina egin nahi zuela azaldu zidan, eta nire baiezkoaren aurrean, Manurekin eta Albertorekin hitz egitea erabaki genuen. Nire iritziz, lehenengo entsegutik ikusi genuen zerbait polita ateratzeko aukera bazegoela.

Zergatik Bikabi?

Alberto Hidalgo: Izenak ez dauka sekulako istorio harrigarririk atzean; Pasaiatik Hondarribira [Gipuzkoa] egin genuen txango batetik hartu genuen ideia. Hasiera batean, Uholde izena jarri genion taldeari, baina fonetikoki zerbait erakargarriagoa lortu nahi genuen, eta beste izen baten bila genbiltzan. Hondarribirako ibilaldi hartan etxe batek Bikabi izena zuela ikusi nuen, eta taldeari proposatu nion, besterik gabe.

Manu Aizpurua: Elkartzen hasi ginenean milaka izen proposatu genituen taldearentzat, eta azkenean, fonetikoki politena aukeratu dugula uste dut.

Zein da laukotean abestiak sortu eta entseguetan seriotasun pixka bat jartzen duen kidea?

I.G.:Esango nuke fundamentuzko lau pertsona elkartu garela proiektu honetan. Ez dago lan egiteko momentuan aitzakiak jartzen ibiltzen denik edo ihes egiten duenik. Esango nuke, lauron artean elkarlanerako balantza polita sortu dugula.

A.H.: Egia da, agian, abestiak sortzearen kontuaz gehiago arduratzen dela Manu, edota diseinu kontuak Iñigok hobeto kontrolatzen dituela, baina, azken finean, hori da helburua: norberak ahal duen horretan laguntzea, eta lauron arteko lanarekin, proiektua aurrera ateratzea. Etxean ere lan asko egiten dugu.

M.A.: Konpromisoa izan da, zalantzarik gabe, talde hau martxan jartzeko gakoa. Gustu eta interes anitzeko lau pertsona gara, eta elkarrekin ondo funtzionatzeko beharrezkoa da proiektuan sinestea eta albokoari entzutea.

Geurea den zerbaitekin aurkeztu nahi genuen publikoaren aurrean

Urte osoa daramazue abestiak sortzen eta entseatzen, eta azken asteak Ozen estudioan eman dituzue, Jurgi Taboadarekin Besteen Ekaitza diskoaren grabaketa lanetan.

U.L.: 2022ko irailean hasi ginen entseguekin, eta gure asmoa garbia zen hasieratik: gure abestiak sortzea eta grabatzea. Hori horrela izateko, hilabete hauek guztiak kantak sortzen pasatu ditugu, ahalik eta azkarren grabaketari ekiteko. Ez genuen kontzertuak ematen hasi nahi material propiorik eduki gabe.

M.A.: Hasi ginenean, gure helburua gutxienez sei kanta sortzea zen. Ez genuen gure jarduna bertsioetara soilik mugatu nahi; geurea den zerbaitekin aurkeztu nahi genuen publikoaren aurrean. Ozen estudioan grabatzea gure lehenengo aukera izan da beti. Jurgi oso profesionala da; egindako lanak ikusi ditugu, eta denak ikaragarriak dira. Makina hutsa da.

Taboadaren agenda beteak zuen sorkuntza denboran ere izan du eragina...

I.G.: Bai, erabat. Jurgik lan asko dauka momentu honetan, eta presio horrek lan gehiago egitera bultzatu gaitu. Sei kantak amaitzen ari ginela berarekin kontaktuan jarri ginen grabaketarako hitzordua hartzeko, eta bere agenda ikusi genuenean, konturatu ginen uda hasi aurretik grabatzen ez bagenuen, urrira arte itxaron beharko genuela.

Zer istorio kontatzen du Itzaltzen izeneko aurrerapen singleak?

M.A.: Bi zatitan banatuta daude hitzak. Lehenengo bi estrofetan, sistema honen barnean oso eroso bizi den pertsona bati egiten zaio erreferentzia; horregatik diote hitzek "ez urrundu" eta "zintzo egon". Ondoren datorren zatiak, berriz, sistema horretatik alde egiteko deia egiten du, nolabait. Zati horrek errebeldia puntua daukala esango genuke.

Urtebeteren ondoren, zerbait entzuteko zain izango zenituzten lagunak eta etxekoak, ezta?

A.H.: Hala da, bai. Eta jasotako feedbacka oso ona izaten ari da. Itzaltzen kaleratu bezain laster jende mordoak partekatu zuen abestia sareetan, eta hori ere oso pozgarria da guretzat.

M.A.: Gainera, gure musika estiloa entzuten ez duen jendeak ere positiboki baloratu du abestia, eta horrek ere badauka bere meritua, gaur egun reggaetoia eta musika komertziala baitira gazteen gustukoenak.

Diskoa defendatzera irtengo gara Dardara Fest jaialdiko kontzertuan

Musika estiloa aipatu duzue. Rock doinuetan oinarrituko al dira diskoaren gainontzeko abestiak ere?

U.L.: Zaila da estiloaren kontua definitzea; guk ere ez dakigu oso ondo zer estilotako musika egiten dugun. Rock doinuetan oinarrituta daude kantak, baina, esango nuke, abesti ezberdinak ditugula, eta bakoitzak bere ezaugarriak dituela.

A.H.: Abesti ezberdinak egin ditugula uste dut. Batzuk ilunagoak eta gogorragoak dira; beste batzuk, berriz, lasaiagoak eta alaiagoak.

Dardara Festen izango duzue estreinako kontzertua.

M.A.: Aukera bikaina da diskoa publikoari aurkezteko; uda giroan, etxean, gertukoen eta lagunen babesarekin… Amestutako estreinaldia dela esango genuke.

I.G.: Diskoa defendatzera irtengo gara oholtzara.

Bikabi taldea. (Iñaki Agirrezabalaga)
 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide