Iñaki Osa Goikoetxea: "Uste dut momentu perfektua dela"

Iosu Alberdi 2023ko abuztuaren 6a

Argazkia: Arnaitz Rubio Aprea.

"Berezia da oso, errepikaezina". Hitz horiek erabili zituen Eraman zesta puntako enpresako komunikazio arduradunak Iñaki Osa Goikoetxea (1980, Zumaia) deskribatzeko. Pilotariak bere ibilbidea amaitzeko erabakia hartu duela plazaratzeko eginiko prentsaurrekoan esan zituen hitzok, ekainean. Uztaileko Baleike aldizkariko elkarrizketa webgunean irakur daiteke orain.

Goikoetxeak denboraldi amaieran esango dio agur pilota profesionalari, Winter Series txapelketa amaitzearekin. Halere, une hori iritsi bitarteko partidetan bere onena emateko prest dago. 

Goikoetxeak etxean jaso zuen zesta puntarekiko interesa, eta anaiek egin bezala, hark ere kirol hari heldu nahi izan zion. Urratsez urrats, eta batetik bestera eginiko bidaia ugari tarteko, 27 urteko ibilbidea osatzera iritsi da zumaiarra. Bizitza erdia baino gehiago zestari lotuta. Bidean, garaipen kopuru amaigabe bat, eta punta-puntako garaikur ugari; besteak beste, hamahiru aldiz izan da banakako munduko txapeldun, eta beste zortzi aldiz binakakoa. Horrez gain, bost aldiz irabazi du Miamiko (Florida, AEB) koroa hirukoitza ere. Palmares kasik errepikaezina osatu du puntista zumaiarrak, eta haren jarduna berritzailea izan da zenbait aspektutan. Horren guztiaren errepasoa egin du BALEIKErekin.

Zergatik erabaki duzu zure kirol ibilbideari bukaera orain ematea?

Urteak aurrera doaz. 43 urte egin ditut aurten. Ez da erraza egun batean esatea: bukatuko dut. Baina, uste dut momentu honetan maila ona ematen ari naizela, eta zesta ere momentu gozo batean dagoela. Bada zerbait horrela agurtzea nire ibilbidea. Uste dut momentu perfektua dela. 

Kirol profesionalean, beti ez da erraza izaten norberak jartzea bukaera data ibilbideari. Zuk horretarako aukera izan duzu.

Neuk aukeratu dut, bai. Hemendik aurrera, geratzen zaizkidan azken txapelketak jokatuko ditut, eta horiek bukatzen direnean, jokatzeari lagako diot. 27 urte eta gero, lesionatu aurretik edo jokoan behera egin baino lehenago uztea garaipen garrantzitsua da.

Garaipen asko, txapel asko. Kosta egiten da motibazioa bilatzea hainbeste urte punta-putan igaro ostean?

Irabazteko motibazioa beti dago hor. Baina, egia da, nire ibilbideko lehen hogei urteetan motibazioa irabaztea eta irabaztea izan zela. Orain, motibazioa da kantxan jokatuz disfrutatzea. Eta txapelak irabazten badira, askoz hobe.

Hau besteen esku uzten da askotan, baina zuk nola definituko zenuke Iñaki Osa Goikoetxea puntista bezala?

Kantxan kolokazio ona eta irismen handia ditut. Indar asko ere izan dut urte askoan, eta teknika ere bai. Pilotari nahiko konpletoa izan naizela uste dut.

Kirolarena urte gutxian asko aldatu den mundua da, besteak beste, prestaketari begira. Nabaritu duzu trantsizio hori?

Lehenengo urteetan, mendira joan, korrika pixka bat egin, eta gauza gutxi gehiago egiten zen. Gaur egun, horiez gain, entrenamendu espezifikoak egiten dira: fisikoak, teknikoak… Aldaketa handia izan da. 

Atzera eginda, "itsasoa, eskola edo Italia" izan zenituen aukeran. Nerabea zinen etxetik alde egin zenuenean, baina argi zenuen zure bidea hori zela?

Zalantzarik ez nuen izan. Gurasoei bertigo pixka bat eman zien horrek, baina argi neukan sei hilabeteko proba hori egin behar nuela Italian, eta gero itzuliko nintzela etxera bizimodu normal bat egitera. Baimena eskatu nuen etxean, ea uzten zidaten joaten. 16 urteko mutil koxkor bat ume bat da, baina hain konbentzituta ikusi ninduten, joateko baimena eman zidatela. 

Orduan jada pentsatzen zenuen zure etorkizuna zesta puntari lotua egongo zela?

Nahiko nukeen? Bai. Baina, ikusi, ikusi… ez nuen hala ikusten. Gauza bat zen Italiara salto egitea, eta beste bat, ondorengoa: Estatu Batuetara salto egitea. Hor oraindik ez nuen demostratu asko txapelketei dagokionez, baina bai joko aldetik. Beraz, pausoz pauso joan nintzen maila altxatzen. 

Gero, aukera eman zidaten AEBetako frontoi batera [Newport, Rhode Island] joateko. Txapelketa bat jokatu nuen han, eta beste aukera asko sortu zitzaizkidan. Orlandora joatea erabaki nuen, baina gero han gauzak aldatu egin ziren, eta Miamira aldatu nintzen. Azkenean, hogei urte izan ziren kanpoan egindakoak. 

AEBetan beste errealitate batekin egin zenuen topo; beste abiadura batekin. Nola egokitu zinen testuinguru berrira?

Nahiko ondo hartu nuen; gustura joaten nintzen frontoira. Beti izan naiz pertsona exijentea neure buruarekin, eta beti hobetu nahi izan dut jokoa. Pila bat entrenatzen nuen, ordu asko pasatzen nituen frontoian… Eta ordu asko eginda, bazoaz ikusten asko ari zarela hobetzen, ari zarela frontoiko txoko guztiak ezagutzen. Orduan, ez dago aitzakiarik pilotari ez izateko.

Newport, Orlando eta, azkenean, Miami. Han finkatu zinen. Bertan gogoratzen dituzu zure kirol ibilbideko urte onenak?

Bai, uste du Miamikoak izan zirela onenak. Konfiantza handia nuen kantxa barruan. Iritsi nintzenean, oso pilotari onak zeuden han, eta bertigo pixka bat ere ematen zidan haien aurka jokatzeak. Pixkanaka-pixkanaka joan nintzen nire lekua egiten, eta hamahiru urte egin nituen azkenean. 

Han zinela, pilotak izandako beherakadaren testigu izan zinen. Nola bizi izan zenuen hura?

Han beherakada garaia bizi izan nuen, bai, eta hemen ere beheraka zihoan iritsi nintzenean. Baina, azken urteetan, gora egin du. Iparraldean beti aritu da jende asko, baina Hegoaldean gutxiago jokatu da. Halere, azken urteetan aldaketa bat eman da, eta ikusten da goraka doala zesta. Une oso polita da.

Zazpi urte igaro dira itzulera hartatik. Nolakoa izan zen egokitzapena?

Hogei urtez bizi izan nintzen Estatu Batuetan, baina urtero etortzen nintzen hilabete bat edo beste. Berritasuna izan zen, ordea, lehen bakarrik egiten nuela joan-etorri hori, eta orduan emaztearekin eta seme-alabekin etorri nintzela. Ez nekien nola egokituko ginen, eta agian niri kostatu zitzaidan gehien. Hainbeste urte kanpoan egin ostean, eta naizen bezalakoa izanda, hemen lotuago ikusten nintzen. Baina, ohitu gara hemen bizitzera, eta oso pozik gaude Zumaian egoteaz. 

Eta, kirol arloan, nolakoa izan zen trantsizioa?

Sei hilabete egin nituen partidarik jokatu gabe. Deskantsua hartu eta dena emateri ekin nion berriz. Kinieletatik partidetarako aldaketa hori nahiko ondo ikasia nuen aurrez ere, eta entrenamendu espezifiko batzuk ere egin nituen egokitzeko.

Azken urteetan frontoietan gainontzekoengandik bereizi zaituzten elementuak dira zure kaskoa eta zesta. Red Bull bezalako marka handi batek zure aldeko apustua egin du. Zer suposatu zuen horrek zuretzat?

Lehen pilotarietako bat izan nintzen halako zerbait egiten. Egia da marka handiagoak edo txikiagoak daudela, eta niri oso onak tokatu zaizkidala. Bilatu gabe ailegatu dira. Ez dira bertakoak, baina uste dut aldaketa ona izan dela niretzat zein zestarentzat. Kirol guztietan, ez zestan bakarrik, atzean marka handirik ez badago, kosta egiten da aurrera egitea. 

Arazorik suposatu zizun horrek lehen unean...

Aldaketa nik ekarri nuen, eta lehen urtean Red Bullen kaskoarekin jokatu nuen arren, bigarrenean izan nuen beto bat. Baina, ordutik aurrera, arazorik gabe jokatu dut.

Aipatu duzu zesta punta gorako bide batean ari dela egun. Nola ikusten duzu kirol horren etorkizuna Euskal Herrian?

Ikusi… ez dut zehazki inon ikusten, baina igartzen dut goranzko joera bat dagoela. Telebistan audientzia onak lortzen ditu, frontoietan ere ondo erantzuten du jendeak… Ez dakit noraino iritsiko den, baina hobera egiteko aukera handiak ditu. Telebistan gehiago ageri da azken urteetan, eta hori da leiho inportanteena. Hori gabe zaila litzateke gorakadarik egotea. Halere, ez dakit gehiago sartzea komeni den ere, jendea aspertzeko arriskua baitago. Balantza orekatzea garrantzitsua da. 

Pilotari bezala erretiroa hartuko duzu, baina ez zara zesta mundutik asko aldenduko. Iragarri duzu Eraman enpresako kirol zuzendaria izango zarela datorren denboralditik aurrera. Zer espero duzu etapa berriaz?

Kirol arloko hainbat gauza egitea tokatuko zait, eta helburua da zestari eta kirolariei laguntzea. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide