Zumaiarren doinuak

Maite Urteagaren doinuak

Erredakzioa 2023ko abu. 9a, 09:00

Maite Urteaga. (Utzitakoa)

Urteetan zehar Zumaiako Musika Bandan ibilitakoa da Maite Urteaga, eta gaur egun saxofoia jotzen du Zumai Txarangan. Musika entzutea gustatzen zaio egunerokoan, baina, bereziki, kirola egitera irteten duenetan. Gogoko dituen bost abesti aukeratu ditu atal honetarako.

Zuregatik (Iseka)

"Julen Garciak atera berri duen Zuregatik abestiak mugitzen dizkit gehien barrenak. Iseka taldea duela hamabi urte sortu zuten 16 urteko hainbat gazte zumaiarrek, eta ikaragarrizko arrakasta izan zuen herri mailan. Zuregatik abestia atera zuten, Iñaki lagun mina omentzeko, eta urte batzuk geroago, aldaketa batzuekin atera berri dute abestia. Abesti honek gure artean ez dauden guztien oroitzapenak ekartzen dizkit gogora. Abestiak berak gogorarazten dit, ordea, beraiengatik aurrera egiteko guztiok eraikiko dugula falta den zubia".

Atzoko gai bera (Burutik)

"Bizikletari tarte bat eskaintzen saiatzen naiz egunero. Orokorrean, ez dut aparteko laguntzarik behar izaten arropa jantzi eta bizikletan ibiltzera joateko, baina behar dudan egun horietan, gelako bozgorailuetan musika jartzen dut. Horrelako egunetan Atzoko gai bera abestia jartzen dut beti; aparteko motibazio hori ematen dit, eta bizikletaren gainean nagoen momentuan barruan dudan hori guztia ateratzen laguntzen dit". 

Yesterday (The Beatles)

"Gogoan dut nola izan nuen The Beatles taldearen berri; Lehen Hezkuntzako ingelesko saio batean ezagutu nuen, Yesterday abestiarekin, eta sekula aspertuko ez nauen abesti horietakoa dela uste dut. Taldeak berak duen istorioa eta kantuak dakarren esanahia guztiz hunkigarriak iruditzen zaizkit. Nahiz eta abestiak tristura puntu bat transmititu, barrenean sortzen didanak ez du parekorik".

Maravillas (Berri Txarrak)

"Nire nerabezaro garaia gogorarazten dit kantu honek. 15-19 urte nituela, Berri Txarrak besterik ez nuen entzuten, ez zegoen beste ezer nire buruan; disko guztiak erosi nituen eta ahal izan nuen kontzertu guztietara joan nintzen. Berri Txarraken abesti bat aukeratu beharko banu, Maravillas kanta aukeratuko nuke, eta baita atzetik dakarren istorioa ere. Maravillas Lamberto, Espainiako Gerra Zibilean eraila izan zen, eta, aita, Vicente Lamberto, herriko militante sozialista zuen. Guardia Zibila haren bila etxean azaldu zenean, Maravillas alabak harekin joan nahi izan zuen. Udaletxean bahiturik, Maravillas behin eta berriz bortxatu ondoren, hil egin zuten, aitarekin batera. Haren gorpu biluzia txakurrei eman zieten, eta gorpuzkiak erre zituzten. Horren harira, 2009. urtean, Berri Txarrak taldeak Maravillas kanta atera zuen".

Su eman (Unidad Alavesa)

"Mendiarekin konektatzen nau Unidad Alavesa taldeak. Naturaz gozatu nahi izaten dudanean Elorriaga auzora joaten naiz korrika, eta nire aurikularretatik beti entzuten da talde hau. Bereiziki, Su Eman abestia da gehien gustatzen zaidana; askatasun sentsazioa ematen dit, gure inguruko mendi ederren artean". 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide