Dena prest Euskal Jai egunerako

Intza Trula 2023ko abuztuaren 8a

Pasa den urteko Euskal Jai eguneko irudia. (Juan Luis Romatet)

Ostiralean jai giroa nagusituko da herriko kaleetan, Euskal Jaien ospakizunean. Herritarrek ez dute aspertzeko astirik izango, egitarau oparoa prestatu baitu Zumaiako Udalak egun osorako.

Prest dago guztia ostiralean Euskal Jai egunari heltzeko, eta Zumaiako Udalak haurrentzat, gazteentzat zein helduentzat egitarau oparoa prestatu du egun osorako. Goizetik iluntzera arte izango dute herritarrek zein bertaratzen diren bisitariek jai giroaz gozatzeko aukera.

Hasteko, goiz osoan zehar, askotariko postuak egongo dira Alde Zaharrean jarriko duten azokan. Jarraian, eguerdi partean, Oihana Iguaranek eta Sustrai Colinak bi bertso saio eskainiko dituzte balkoitik balkoira; bata, udaletxean, eta, bestea, Kofradian. Ondoren, Eusebio Gurrutxaga plazan jarraituko du festak, herri bazkariarekin. 

Bazkalostean izango du jarraipena festa egunak, Joxe Mendizabalen dantzaldiarekin, Soinuz Blai taldearen dantzaldiarekin eta sagardo dastaketarekin, besteak beste.

Honako hau da ostiralerako udalak prestatu duen egitarau osoa:

  • 10.00-14.00. Azoka, Alde Zaharrean.
  • Goizean zehar, musika kaleetan zehar.
  • 12.00. Oihana Iguaranek eta Sustrai Colinak balkoitik balkoira bertso saioa eskainiko dute, udaletxean. 
  • 13.00. Oihana Iguaranek eta Sustrai Colinak balkoitik balkoira bertso saioa eskainiko dute, Kofradian.
  • 15.00. Herri bazkaria, Eusebio Gurrutxaga plazan.
  • 18.00. Joxe Mendizabalekin haurrentzat dantzaldia, Amaiako plazan.
  • 18.00. Erkibe kultur elkartearen eskutik taloak, Odietan.
  • 18.30. Soinuz Blai taldearekin dantzaldia eta Sutan Txarangarekin kalejira, Eusebio Gurrutxaga plazan.
  • 19.00. Sagardo dastaketa.
  • 22.30. Joselu Anaiak taldearekin dantzaldia.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide