Koloreak desberdinak batzen ditu erakusketa zabaldu zuten atzo arratsaldean Oxford aretoan, Iñaki Orejaren eta Juan Carlos Rodriguezen pinturek osatutako bilduma; lehenengoa zumaiarra, eta, bigarrena, Callosa d'En Sarriakoa (Alacant, Herrialde Katalanak).
Bi artista horiek elkarlanean erakusketa bat osatzen duten lehenengo aldia da, eta artistek azaldu dutenez, ez da azkena izango; Callosa d'En Sarrian zabalduko dute aurki erakusketa, esaterako. Ikusgai jarri dituzten obraretatik zaharrena 2019. urtekoa da, eta, berriena, azken aste honetan margotutakoa.
Bildumak "gaur egungo gizarteari kritika" egitea du xede, Juan Carlos Rodriguezek azaldu duenez. Gizakia planeta suntsitzen ari dela aipatu du artistak, eta horren aurrean, erakusketaren bidez, "gizarteari abisua ematea" izan da bere asmoa.
Erakusketa zabalik egongo da datozen bi asteetan, abuztuaren 27ra bitarte. Aste barruan 18:30etik 20:30era zabalduko dute aretoa; asteburu eta jaiegunetan, berriz, 12:30etik 14:00etara eta 18:30etik 20:30era.