Festa giroa nagusitu da goizean Euskal Jaietan

Intza Trula 2023ko abu. 11a, 15:16

Goizean goizetik atera da jendea kalera Euskal Jai egunaz gozatzera, baserritar jantzi dotoreak soinean zituztela. Alde Zaharreko azokan hasi da mugitzen giroa, eta pixkanaka herri guztian zabaldu da festa giroa.

Festa giroan murgilduta dago herria gaurkoan, Euskal Jaien aitzakian. Hasteko, goiz osoan zehar, askotariko postuak jarri dituzte Alde Zaharreko azokan; jatekoa, baserritar jantziak, otarrak eta beste hainbat produktu eskuratzeko aukera izan dute bertaratu direnek.

Jarraian, eguerdi partean, Oihana Iguaranek eta Sustrai Colinak bi bertso saio eskaini dituzte balkoitik balkoira; bata, udaletxean, eta, bestea, Kofradian. Bertsoak amaitzean Eusebio Gurrutxaga plazan batu dira herritarrak, herri bazkarirako. Halaber, goiz osoan zehar ez da musika eta dantzarako tarterik falta izan.

Bazkalostean izango du jarraipena festa egunak, Joxe Mendizabalen dantzaldiarekin, Soinuz Blai taldearen dantzaldiarekin eta sagardo dastaketarekin, besteak beste.

Honako hau da arratsalderako udalak prestatu duen egitaraua:

  • 18.00. Joxe Mendizabalekin haurrentzat dantzaldia, Amaiako plazan.
  • 18.00. Erkibe kultur elkartearen eskutik taloak, Odietan. 18.30. Soinuz Blai taldearekin dantzaldia eta Sutan Txarangarekin kalejira, Eusebio Gurrutxaga plazan.
  • 19.00. Sagardo dastaketa.
  • 22.30. Joselu Anaiak taldearekin dantzaldia.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide