Munduko Txapelketara sailkatu da Irati Osa

Intza Trula 2023ko abuztuaren 12a

Irati Osa Trasonan jokatutako Espainiako Txapelketan. (Utzitakoa)

Zilarrezko dominarekin eta Danimarkan jokatuko den Munduko Txapelketarako txartelarekin itzuli da Irati Osa Trasonako (Asturias) urtegian jokatutako Espainiako Txapelketatik.

Trasonako (Asturias) urtegian jokatutako Espainiako Txapelketan izan da Irati Osa asteburuan. Maratoi motzeko modalitatean lehiatu zen kirolari zumaiarra, K1ean, senior mailan, baita emaitza onak lortu ere; lasterketan bigarren postuan sailkatzeaz gain, aurki Danimarkan jokatuko den Munduko Txapelketarako txartela ere eskuratu du. 

Hasieratik hartu zuten aurrea Irati Osa eta Eva Barrios piraguistek, eta lasterketa osoan zehar lehenengo postua eskuratzeko lehia izan zuten. Azken zatian aurrea hartu zuen Barriosek, ordea, eta 00:15:14 denbora eginda helmugaratzea lortu zuen, urrezko domina eskuratuz; Osak hamabi segundo beranduago bukatu zuen proba, hamabost minututan eta 26 segundotan.

Datozen asteetarako "indartsu" dagoela azaldu du piraguista zumaiarrak, eta lasterketetan erakusten ari den mailarekin gustura agertu da. "Urte osoan egindako lana emaitzetan islatzen ari da", azaldu du kirolariak, eta hemendik bi astera jokatuko den Munduko Txapelketarako "gogotsu" dagoela gaineratu du.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide