'Negu hurbilak' filmak epaimahaiaren aipamen berezia jaso du Locarnoko Nazioarteko Zinema Jaialdian

Julene Frantzesena 2023ko abu. 13a, 14:01

'Negu hurbila' filmaren lau zuzendariak –ezkerretik aurren da Albite eta eskuinetik lehena Ibarguren–. (Locarnoko Nazioarteko Zinema Jaialdia)

Ekain Albite zumaiarra eta Mikel Ibarguren zestoarra dira filmaren lau zuzendarietako bi. Suitzako jaialdian epaimahaiaren aipamen berezia jaso du lanak, Cineasti del Presente sailean lehiatuta. Isolamenduari, itxaroteari eta nortasun irrikari buruzko filma da Negu hurbilak, eta ihesaldi baten istorioa kontatzen du. 

Ekain Albite zumaiarra eta Mikel Ibarguren zestoarra parte diren Negu kolektiboak egindako Negu hurbila filmak epaimahaiaren aipamen berezia jaso du Locarnoko Nazioarteko Zinema Jaialdian. Suitzako jaialdi horretan estreinatu dute Negu kolektiboko kideek beren fikziozko lehen film luzea. Joan zen astean estreinatu ostean, Cineasti del Presente sailean lehiatu da Negu kolektiboaren lana, eta filmaren lau emanaldi eskaini dituzte, guztira.

Isolamenduari, itxaroteari eta nortasun irrikari buruzko filma da Negu hurbilak, eta ihesaldi baten istorioa kontatzen du. Zubietan (Nafarroa) egin zituzten grabaketa lanak, eta hainbat herritar aritu dira antzezle lanetan, baita laneko protagonista den Jone Laspiur aktore profesionala ere. Negu kolektiboa, Albitek eta Ibargurenek ez ezik, Nicolau Mallofre eta Adria Roca zuzendariek ere osatzen dute. Maluta* films eta Cornelius Films dira filmaren ekoizleak.

Negu hurbilak filmaren inguruko erreportajea kaleratu zuen atzo Berria egunkariak, eta honako lotura honetan irakur daiteke.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide