Asteazkenetik aurrera federatu gabeko kirolariek ere eman ahal izango dute izena Zumaiako triatloiko sprint proban

Intza Trula 2023ko abuztuaren 14a

2022ko Zumaiako Triatloiaren hasiera. (Juan Luis Romatet)

Irailaren 16an izango da aurtengo Zumaiako Triatloia. Ohikoa den moduan, bi lasterketa jokatuko dituzte; bata Triatloi Herrikoia, eta, bestea, sprint distantziakoa. Aurten, federatu gabeko kirolariek ere parte hartu ahal izango dute sprint distantziako proban.

Irailaren 16an, larunbatez, egingo dute aurten Zumaiako Triatloia, eta lasterketan izena emateko aukera zabalik egongo da irailaren 11ra arte. Zumaiako Triatloi Taldeak bi lasterketa antolatu ditu urtero legez; alde batetik, X. Zumaiako Triatloi Herrikoia, eta, bestetik, XVI. Zumaiako Sprint Triatloia. Bi lasterketek irteera Gernika pasalekuan izango dute.

Aurtengo edizioan, aurrekoetan ez bezala, federatu gabeko kirolariek ere izango dute sprint distantzian parte hartzeko aukera, "triatloiari bultzada emateko eta jendea animatzeko", antolatzaileek azaldu dutenez. Izena emateko aukera asteazkenean zabalduko dute, eta, halaber, zabalik jarraituko du Triatloi Herrikoirako izena emateak rockthesport.com webgunean.

Horrez gainera, antolatzaileek azaldu dutenez, abuztuan jendea entrenatzera animatzeko Triatloia maite dut taldearen entrenamendu saioak parketatzen hasi dira Instagram bidez. Entrenamendu horiek jarrai daitezke lotura honetan. 

Orain arte, Triatloi Herrikoian 107 kirolarik eman dute izena; sprint distantzian, berriz, 185 lagunek. Hala eta guztiz ere, ez federatuei sprint distantzian apuntatzeko aukera zabaltzean zifrak gora egitea espero dute antolatzaileek.

Zumaiako Triatloi Taldeak probaren egunean lasterketetan parte hartzera animatu ditu kirolari federatuak nahiz federatu gabeko guztiak. "Zumaiako eta eskualdeko herritarrak triatloiaz gozatzen" ikusi nahi dituztela azaldu dute. Eta, bestela, partaideak animatzera bertaratzera gonbidatu dituzte herritarrak.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide