Munduko Txapelketako hiru probetarako sailkatzea lortu du Irati Osak

Jabi Gonzalez Toston 2023ko abuztuaren 14a

Irati Osa joan den abuztuaren 5ean, podiumean, Sellako jaitsiera irabazi ondoren. (Jabi Gonzalez Toston)

Piraguista zumaiarra Danimarkan arituko da abuztuaren 31tik irailaren 3ra, eta maratoi motza eta maratoia lehiatuko ditu. Azken hori, bakarka zein binaka.

Emaitza apartak lortu ditu Irati Osak asteburuan Trasonan (Asturias, Espainia) jokatutako piraguako probetan. Bigarren postu bat eta bi lehenengo postu lortu ditu eta abuztuaren 31tik irailaren 3ra Vejenen eta Koldingen (Danimarka) jokatuko dituzten piraguako maratoiko hiru probetarako txartelak eskuratu ditu horrela.

Ostiralean, maratoi motzeko Espainiako Txapelketa jokatu zuen zumaiarrak eta zilarrezko domina jarri zuen. Eva Barrios irabazlearengandik hamabi segundora helmugaratu zen Osa 3.800 metroko proban hamabost minutu eta 26 segundoko denbora eginda.

Larunbatean eta igandean, berriz, Espainiako Kopako maratoiko probak izan zituen eta bietan izan zen azkarrena. Larunbatean bakarka aritu zen eta lehia estua izan zuen bigarren sailkatuarekin, segundo bakarra atera baitzion helmugan. Ordu bete 55 minutu eta 32 segundo behar izan zituen Itxas-Gaineko piraguistak 26,2 kilometroko ibilbidea egiteko. Igandean, azkenik, Cuencako (Gaztela Mancha) Piraguismo Taldeko Arantza Toledorekin osatu zuen bikotea eta bezperan baino lau minutu azkarrago osatu zuen ibilbidea. Orduan ere estua izan zen bigarrenarekiko aldea, segundo bakarrekoa, beste behin.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide