Ikuskizun ezberdina izan da gaurkoan herrian; 12:30ean abiatu da Amaiako plazatik Els Falcons de Vilafranca taldea giza gazteluen kalejiran, eta Beheko plazarako bidean Collas de Falcons emanaldia eskaini dute. Eguraldia lagun izan dute, eta, zalantzarik gabe, herritarren arreta piztu dute ibilbide osoan zehar eratu dituzten irudi harrigarriekin.
1959. urtean sortu zen talde hau, Alt Penedesen (Katalunia), Bartzelonatik gertu dagoen herri batean, eta gaur egun 80 gaztetxok eta helduk osatzen dute taldea. Gaurkoan, ordea, 51 parte hartzaile izan dira Zumaiara ikuskizuna eskaintzera etorri direnak.
Bere jatorria Txekiar Errepublikako 'Sokol' izeneko mugimendu patriotiko-gimnastikotik dator; mugimendu sozial hori, beste gauza askoren artean, pertsona batzuen arteko gimnasia ariketetan oinarritzen zen. Urteen poderioz, eta Castells lurraldearen eragina tarteko, Vilafrancako Falcons taldeak bere irudiak egokitu ditu, gaur erakutsi dituzten irudi lirain eta altu horiek lortuz.
Vilafrankako Falcons taldeak Euskal Herriarekin duen harremana aspaldikoa da; izan ere, duela urte asko ezagutu zuten elkar, Kilikariak fanfarrearri esker. Fanfarrearekin lotura handia izan zuten eta, ondoren, ia urtean behin, euskal lurretan zehar bidaiatzeko aukera izan zuten, baita denborarekin hainbat euskal kultur talderekin adiskidetu diren zenbait hiri bisitatzeko ere. Bisita horietan derrigorrezko bat zen Zumaia.