Asteburu borobila izan duzu Trasonan. Espero al zenuen Munduko Txapelketarako hiru distantziatan sailkatzea?
Oso pozik nago asteburuan lortutakoarekin. Egia da hiru distantziatan sailkatzea ez dela gauza erraza, baina indartsu ikusten nintzen Trasonako asteburuan. Denboraldi osoan zehar egindako lana bere emaitzak ematen ari zen, eta, beraz, hiru distantziatan sailkatzea aukeren artean zegoen. Aurreko astean Sellako jaitsiera irabazi nuen, eta horrek ere indarra eman zidan astebururako. Azkenean lortu nuen proposatutako helburua.
Maratoi motzean K1ean, eta maratoi luzean, K1ean eta K2an lehiatu zara asteburuan. Zer moduz?
Bai. Maratoi motzean hasieratik hartu nuen aurrea, eta lasterketa osoan zehar izan nuen Eva Barrios piraguistarekin lehenengo postua lortzeko lehia, baina azken txanpan aurrea hartu zidan. Larunbatean eta igandean, berriz, Espainiako Kopako maratoiko probak izan genituen, eta bietan azkarrena izan nintzen.
Munduko Txapelketan hiru distantziatatik bat aukeratu beharko bazenu…
Ezingo nuke bat hautatu. Azkenean distantzia bakoitzak bere gauzak ditu, eta landu beharreko arloak ezberdinak dira. Europako Txapelketan, adibidez, maratoi motza jokatu nuen; ibilbide laburra eta intentsitate handia izaten du modalitate horrek. Ez nuke jakingo bat aukeratzen, guztietarako gogo handiarekin noa Munduko Txapelketara; modalitate bakoitzak gauza ezberdin bat ematen dit. K2ak, adibidez, talde lana bultzatzen du, eta nire bikotearekin elkarlanean jarduteko aukera ematen dit. Nire betiko bikotearekin, Arantza Toledorekin, lehiatuko naiz Munduko Txapelketan. K1ak, berriz, beste gauza batzuk ematen dizkit.
Abuztuaren 31tik irailaren 3ra bitartean jokatuko da Munduko Txapelketa. Eguna iritsi bitartean prestaketa berezirik egingo al duzu?
Abuztuaren 31n hasten da Munduko Txapelketa, baina guk Espainiako selekzioarekin bidaiatuko dugu astelehenean, abuztuaren 28an. Egun batzuk lehenago joan ohi gara txapelketen lekuetara, ibilbidea pixka bat ezgutzeko, aztertzeko eta bertara ohitzeko. Egia da azken txanpan txapelketa dezente jokatu ditudala, eta une honetan forman nagoela. Urte hasieratik ezagutzen genuen egutegia, eta helburuak finkatzeko aukera izan genuen, ondoren prestaketarekin eta entrenamenduekin hasteko. Beraz, asmoa bi aste hauetan intentsitatea mantentzea izango da, baina gehiegi nekatu gabe, garrantzitsua baita Munduko Txapelketara deskantsatuta iristea. Zumaian jarraituko dut entrenatzen, baina Cuencara ere joango naiz, Arantza Toledorekin K2rako prestatzera.
Danimarkarako espektatibarik baduzu?
Beti daukazu buruan zerbait, baina azkenean inork ez daki zer gertatuko den. Esperientzia daukat aurreko urteetatik, badakit nolako denboraldia egin dudan eta nola iritsi naizen Munduko Txapelketara. Beraz, horri helduko diot, eta gertatu beharrekoa gertatuko da. Gauza asko ez daude nire esku, beraz, lehiatzera irtengo naiz; ahalik eta erabaki onenak hartzen eta sentsazio onekin amaitzen saiatuko naiz.
Nola egingo diozu aurre erronka horri?
Egia esan, oso lasai nago. Konfiantza handia dut nire buruarengan eta denboraldi osoan egin dudan lanarengan. Badakit ondo prestatuta nagoela, eta aurrean ibiltzeko aukerak ere baditudala.
Asteburu honetako emaitza bikainez gain, Sellako jaitsieran, Espainiako Sprint Txapelketan, Muiñosen, Amsterdamen… emaitza oso onak lortu dituzu. Zein izan da gakoa?
Lan asko egitea da sekretu bakarra. Amestutako denboraldia izan da aurtengoa. Joan naizen nazioarteko txapelketa guztietan oso postu onak lortu ditut, eta Espainiako Txapelketan erakutsi dudan maila ere ikaragarria izan da. Oso gustura nago aurten egin dudan lanarekin eta lasterketetan lortutako emaitzekin. Munduko Txapelketa denboraldia borobiltzeko modua izango da.
Gurasoak eta entrenatzaileak izan dituzu alboan denboraldi osoan zehar.
Bai. Lasterketa guztietan izan dut gurasoen, lagunen eta entrenatzaileen babesa eta laguntza, eta eskerrak eman nahiko nizkieke beti alboan izateagatik. Horrez gainera, Munduko Txapelketa berezia izango da niretzat, nire aita ere K1ean eta K2an lehiatuko baita.