Koloreak desberdinak batzen ditu erakusketa ikusgai dago Oxford aretoan, Iñaki Orejaren eta Juan Carlos Rodriguezen pinturek osatutako bilduma; lehenengoa zumaiarra, eta, bigarrena, Callosa d'En Sarriakoa (Alacant, Herrialde Katalanak).
Bi artista horiek elkarlanean erakusketa bat osatzen duten lehenengo aldia da, eta artistek azaldu dutenez, ez da azkena izango; Callosa d'En Sarrian zabalduko dute aurki erakusketa, esaterako. Ikusgai jarri dituzten obraretatik zaharrena 2019. urtekoa da, eta, berriena, azken aste honetan margotutakoa.
Bildumak "gaur egungo gizarteari kritika" egitea du xede, Juan Carlos Rodriguezek azaldu duenez. Gizakia planeta suntsitzen ari dela aipatu du artistak, eta horren aurrean, erakusketaren bidez, "gizarteari abisua ematea" izan da bere asmoa.
Erakusketa ikusteko azken egunak izango dira datozenak, izan ere, igandean izango da lanak bisitatzeko aukera. Gaur eta bihar, 18:30etik 20:30era zabalduko dute aretoa; larunbatean eta igandean, berriz, 12:30etik 14:00etara eta 18:30etik 20:30era.