Ostegunean hasiko dituzte San Bartolome jaiak Oikian, eta astelehenera bitartean askotariko ekintzaz betetako egitaraua prestatu dute. Gainera, festetatik itzultzeko, ohiko autobus zerbitzuaz gain, zerbitzu berezia eskainiko du Zumaiako Udalak igande goizaldean. Hori horrela, abuztuaren 27an, 04:00etan Oikiatik Zumaiara itzultzeko autobus zerbitzu berezia egongo da. Halaber, autobusa ez da herrigunera sartuko, eta geldialdia errepidean egingo du.
Gaueko zerbitzu osagarri horretaz gain, egunean zehar beste batzuk gehituko ditu Lurraldebusek UK07 linean. Ohiko orduez gain, abuztuaren 24, 25 eta 28an bi zerbitzu gehiago egongo dira. Lehenengoa, Zumaitik Oikiara, 11:00etan. Bigarrena, aldiz, Oikiatik Zumaiara, 21:00etan. Abuztuak 26 eta 27an, aldiz, 10:00etan eta 11:30ean Zumaiatik aterako dira autobusak Oikiara, eta 14:30ean eta 21:00etan Oikiatik Zumaiara.