Chiquilla (Seguridad social)
Hasi eta buka letra oso-osorik ikasi nuen lehen kantuetako bat da Chiquilla eta Zamorako herriko oroitzapen gozoak dakarzkit burura. Gaztetxoa nintzenean bertan pasatzen nuen uda eta orain gutxiago joaten banaiz ere, festetan ez dut hutsik egiten. Berbenetan beti jotzen dute eta gogotsuen abesten dudan abestia da. Gehiago ere badira, noski: Marearen Corazon de Mimbre Los Suavesen Dolores se llamaba Lola, Skaperen Cannabis eta El Vals del Obrero, Extremoduroren Salir... Bereziena, ordea, Chiquilla da niretzat.
Elektrizitatea (Zea Mays)
Azken boladan asko entzun dudan taldea da Zea Mays. Amak Adore, Kemena, Kuraia diskoa oparitu zidan duela hilabete batzuk eta behin eta berriz entzun dut autoan. Lehendik ere Aiora Renteriaren ahotsak liluratuta baninduen, are gehiago nauka orain. Zentzu horretan, beti iruditu zait Elektrizitatea abestia dela Renteriak ahotsean duen indarra hoberen erakusten duena, nahiz eta, abestia ez izan aipatu diskokoa.
Min hau (Katamalo)
Musika euskaraz egiten duten Euskal taldeen artean Berri Txarrak da gehien entzun dudana eta gogokoenetako bat. Gorka Urbizu taldeko buruak sortutako kantuen artean asko ditut gustuko, eta zaila da guztien artean bat aukeratzea. Horregatik, nahiago izan dut Katamalorekin sortu zuen Min hau sartu zerrendan. Berri Txarrak taldearekin ere jo izan du abestia, baina nahiago dut originala.
La Bamba (Ritchie Valens)
Asko animatzen nauen abestia da eta dantzatzeko gogoa pizten dit, nahiz eta, gutxi behar dudan horretarako. Oso gustuko dut dantza egitea, parrandan, batez ere. Ez naiz geldirik egoten eta etengabe nago jolasean eta gorputz mugimenduekin txorakeriak egiten. La Bamba abesti perfektua da horretarako. Horregatik, askotan eskatu izan dut tabernetan, gaueko ordu txikitan, parranda betean.
You never can tell (Chuck Berry)
Esan bezala, oso gustuko dut dantza egitea, eta, ondorioz, abesti dantzagarriak. Horregatik, You never can tell abestia ezin zen falta zerrenda honetan. Entzuten dudan bakoitzean zinemako dantza saio mitikoenetako bat datorkit burura, Uma Thurman eta John Travoltaren artekoa Quentin Tarantinoren Pulp Fiction filmean. Zinema asko kontsumitzen dut eta gustukoen ditudan eszenen artean dago aipatutako dantza. Dena den, Pulp Fiction filmarekin duen loturaz harago oso gogoko dudan abestia ere bada You never can tell. Asko gustatzen zaizkit 60ko hamarkadako doinuak.