Atzo goizean urrezko domina irabazi zenuen Munduko txapelketan. Konfiantzarekin atera al zineten uretara?
Bai, egia esan konfiantza handiarekin atera ginen estropada jokatzera, ostiralean jokatu genuen sailkapen proban oso sentsazio onak izan genituelako. Gure seria irabazi genuen, finalerako zuzeneko txartela lortuz, finalerdiak jokatu gabe. Gainera, serie guztietako denborarik onena markatu genuen. Hortaz, ikusi genuen dominen lehian izateko aukera asko genituela, eta gure lana eginez gero dominaren bat irabazteko gai izango ginela, eta intentzio horrekin atera ginen uretara. Hala ere, finalak jokatu egin behar izaten dira, eta bagenekien edozer gauza pasa zitekeela, aurkari oso indartsuak genituelako. Beraz, konfiantzarekin baina hankak lurrean genituela jokatu genuen finala, mila metroko oso bat genuelako aurretik.
Finaleko proba gogorra izan al zen?
Oso gogorra. Niretzat mila metroko modalitatea piraguismoko probarik gogorrena da. Hiru minututan topera arraunean egin behar izaten da, eta psikologikoki eta fisikoki oso proba exigentea da. Gainera, Munduko txapelketa bateko final handian maila ikaragarria egoten da, mundu osoko K2 onena biltzen direlako bertan, eta domina bat lortzea oso zaila da. Oraingo honetan urrezko domina lortu dugu eta oso gustura gaude. Estropada gogorra izan zen, baina kontrolpean izan genuen uneoro; proba osoan zehar estropadaren buruan ziren hiru ontzien artean izan ginen; gure estrategia zen erditik aurrera gorantz joatea, eta ondo atera zitzaigun. 500 metroetan bigarrenak ginen, eta hortik aurrera aurrera intentsitatea igotzen hasi ginen; 700 metrotan lehen postuan jarri ginen errenta hori bukaera arte mantenduz.
Zer moduz joan zen arratsaldeko estropada?
Atzo arratsaldean K2 mistoko finalerdia jokatu nuen, eta goizean irabazitako urrezko domina ospatzeko denbora gutxi izan nuen, segituan arratsaldeko probarako atseden hartzera joan behar izan nuelako. Indar aldetik nola ibiliko nintzen zalantzak nituen, txapelketako laugarren eguna zelako eta egun hauetan serie pila bat egin ditudalako. Hala ere, zorionez, finalerdia irabazi genuen, eta gaurko finalean zerbait polita egiteko gai izatea espero dugu.
Azken urtetan maila ona erakutsi duzu naziorteko txapelketetan. Progresiboki hobetzen joan zarela sentitzen al duzu urrea lortu arte?
Bai, uste dut nire kirol ibilbideren momenturik onenean nagoela. Oso indartsu nago fisikoki aspektu guztietan (abiadura, indarra eta erresistentzia), eta emaitzetan antzematen da. Azken urtetan pixkanaka dominak lortzen joan naiz nazioarteko txapelketetan: lortu dut Europako txapeldun izatea; aurreko Munduko txapelketetan ere hiru domina lortu nituen, bi zilar eta brontzea, baita Olinpiar Jokoetan bi diploma ere. Munduko txapelketako urrezko domina hau falta zitzaidan, eta urrea irabazita ametsa bete dut. Hotzean pentsatuta garaipen ikaragarria da, eta sentitzen dut egindako lan gogor guztiaren fruitua dela. Honek lanean jarraitzeko indar handia ematen dit. Datorren urtea oso urte garrantzitsua izango da, eta orain atseden hartu eta denboraldi berria indarberrituta abiatu nahi dut.
Garaipenarekin olinpiar jokoetan parte hartzeko txartela lortu al duzu?
Olinpiar jokoetarako postuak ez dira nominalak, selekzioetakoak baizik; beraz, datorren urtera arte, apirila edo maiatzera arte, ez da jakingo zein kirolari joango diren Parisko Olinpiar Jokoetara. Hain zuzen ere, Espainia mailan antolatzen diren hautaketa probetan erabakiko da zein talde joango diren Parisera. Beraz, atsedena bukatutakoan, datorren udaberrian jokatuko diren hautaketa probak prestatzen hasiko gara buru-belarri, Parisko Olinpiar Jokoetan izan ahal izateko.