Erakusketa berria irekiko dute Zumaian. Hain zuzen ere, Xabier Iruretaren margolanak egongo dira ikusgai Oxford aretoan gaurtik hasi eta irailaren 17ra arte. Artista zumaiarrak azken urteetan egindako margolanak izango dira erakutsiko dituztenak.
Iruretak azaldu duenez, artearekiko zaletasuna sortu zitzaionetik 200 marrazki inguru egin ditu, eta horietatik 80 bat egongo dira Oxforden. "Nire obretan herriko hainbat egoera eta herritarrak marraztea gustatzen zait, besteak beste, kirolariak, dantzariak, ehiztariak, olagarrozaleak, itsas bazterrak, genero indarkeriari lotutako kontuak, klima aldaketarekin zerikusia dutenak edo Zumaiako altxorrak", azaldu du.
Gainera, hark azpimarratu du herriko 10.000 biztanleetatik lau mundu mailan aritzen diren kirolariak direla. Bada, "haiei omentzeko" margolanak ikusteko aukera ere eskainiko du gaur zabalduko duen erakusketak. Beste margolan bat ere aipatu nahi izan du Iruretak, zehazki, erakusketaren irteera inguruan kokatuta egongo dena. "Jesusen koadro bat dago bertan, gure inguruan eduki dezagun beti, eta bizi behar ditugun bidegabekeria guztien aurrean indarra eman diezagun", dio Iruretak.
Jubilatu, eta afizionatu
Txikitatik gustatu izan zaio Iruretari artea, baina bizitzako hainbat egoera tarteko, marraztea ez zuen serio hartu jubilatu zen arte. Izan ere, aita gaztea zela hil zitzaion, eta etxean "lana gogor" egin behar izan zuten familia aurrera ateratzeko.
50 urtez lanean jardun eta jubilatu zenean hasi zen Forondara joaten; 2001. urtean, zehazki. Bertan, Ander Hormazuri izan zuen irakasle, eta, haren esanetan, Hormazurik "hainbat teknika, gomendio eta ikuspuntu" irakatsi zizkion. Urte eta erdiz harekin aritu ostean, baina, Iruretak bere martxan jarraitu zuen, etxean. Marrazteko estilo "errealista" duela dio Iruretak; izan ere, aurrean duen paisaia edo argazkia ahalik eta zehatzen irudikatzea gustatzen zaio zumaiarrari.
Azken finean, "denbora librea aprobetxatzeko eta gozatzeko" baliatzen du Iruretak margoa, baita ikasteko ere: "Diziplina honi esker eguneroko gauza berriak ikasten saiatzen naiz". Horrez gain, eskerrak eman nahi izan dizkie erakusketa antolatzen lagundu dioten guztiei, baita udaleko Kultura sailari ere. "Haiek gabe ezingo nukeen horrelako zerbait egin", azpimarratu du.
Erakusketa gehiago
Gaur zabalduko dutena ez da zumaiarraren lehen erakusketa izango. Izan ere, 2017an ere zumaiarrek gozatu ahal izan zuten Iruretaren margolanez areto berean. Mostra hartan, herriko txokoei ez ezik, Zumaian bizi diren pertsonaien erretratuei eman zien garrantzia, bereziki.
Erakusketaren ordutegiari dagokionez, 18:30etik 20:30era egongo da irekita egunero, eta 12:30etik 14:00etara eta 18:30etik 20:30era asteburu eta jaiegunetan. «Herritarrak animatu nahi ditut erakusketa ikustera, gustura hartuko baititut nire obren inguruko balorazio eta iritziak», adierazi du.