Zumaiako Udalak zabaldu du izena emateko epea lan urte berrian Lubaki kiroldegian eskainiko dituzten ikastaroetan. Astelehenean ireki zuten, hain zuzen ere, eta interesa duten helduek cycling, pilates, TRX, GAP eta multifitness saioak jasotzeko aukera izango dute. 13 urtetik 16ra bitarteko nerabeek, berriz, cycling eta multifitness ikastaroetan hartu ahal izango dute parte. Guztiak ere hiru hiruhilekotan banatuta egongo dira eta irailaren 25ean hasiko dira.
Halaber, igeriketa ikastaroak ere eskainiko dituzte helduentzat nahiz haurrentzat eta gaztetxoentzat. Txikiei zuzendutako eskolak bederatzi hilabetekoak izango dira, irailaren 25etik ekainaren 21era artekoak, eta helduei zuzendutakoak, aldiz, hiru hiruhilekoetan banatuko dituzte.
Horrez gain, eskola kirol egokituan parte hartzeko aukera ere eskainiko diete aniztasun funtzionala duten 6 urtetik gorako haur eta gaztetxoei. Astean bi egunez izango dute kirol jarduera horietan parte hartzeko aukera ordubeteko iraupena izango duten saioetan.
Hori horrela, irailaren 25etik aurrera Lubaki kiroldegian eskainiko dituzten ikastaroetan parte hartu nahi duten herritarrek dagoeneko egin ditzakete inskripzioak kiroldegira bertaratuta. Udalak dagoeneko banatu ditu eskaintza, prezioak eta datak zehazteko esku-orriak Zumaiako etxeetan eta esteka honetan ere ikusgai daude.