Bertan behera utzi dute bihar jokatzekoa zuten itsasoko piraguismo proba

Jabi Gonzalez Toston 2023ko irailaren 1a

Zumaia-Sakoneta-Zumaia kayak zeharkaldia. (Baleike)

Azken honekin bigarrenez atzeratu dute Zumaia-Sakoneta-Zumaia lasterketa. Eguraldi iragarpenak aurreikusi duen denboralea tarteko, oraingoan.

Zumaia-Sakoneta-Zumaia kayak zeharkaldia ez dute bihar jokatuko, azkenean. Eguraldi aurreikuspenaren arabera itsasoko baldintzak ez dira egokienak izango lasterketa segurtasun osoarekin jokatu dadin, eta, horregatik, berriro atzeratzea erabaki dute antolatzaileek Gipuzkoako Piragusimo Federazioak bertan behera uzteko agindua eman ondoren.

Federazioak azaldu duenez, azken unera arte itxaron dute eta iragarpenek hasiera batean aurreikusten zutenarekin alderatuta hobera egin duten arren, biharko espero diren baldintza meteorologikoek ez dute segurtasuna guztiz bermatzen; izan ere, zenbait eremutan alerta laranjak eta abisu horiak agindu dituzte. Federazioak zehaztu du, halaber, itsasoko egoerak baino parte hartzaileek Zumaiara egin beharko duten bidea dela gehien kezkatzen dituena, eguerdian garraiatu beharko dituztelako kayakak eta ordurako espero dira ekaitza bortitzenak.

Hasiera batean, joan den astean zuten jokatzekoa, baina arazoak izan zituzten epaileak lotzeko eta biharko egunera atzeratu zuten. 16:00etan zuten hastekoa, baina, esan bezala, bihar ere ezin izango dute egin eta beste data bat zehazteko lanean ari dira jada antolatzaileak.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide