Janire Gonzalez Etxebarri garaile Pantinen

Jabi Gonzalez Toston 2023ko irailaren 3a

Janire Gonzalez Etxebarri uretatik atera berri garaipena ospatzen. (Classic Pantin Pro)

Zumaiako surflari gazteak Camilla Kemp alemaniarra menderatu du finalean eta bigarren kokatu da Europako QS zirkuituan.

Maila handiko garaipena lortu du Janire Gonzalez Etxebarri surflari zumaiarrak Galizian. Pantin Classic Galicia Pro txapelketa irabazi du eta horrek Europako QS Qualifying Series zirkuiturako eman dizkion 3.000 puntuei esker, bigarren kokatu da.

Zumaiarra Camilla Kemp alemaniarraren kontra aritu da finalean eta aurkariaren olatu onena hobea izan den arren, erregularragoa izan da zumaiarra; izan ere, 12.90 puntu bildu ditu bi olatu onenak gehituta (6.57 + 6.33). Kempek, aldiz, 10.33 puntu lortu ditu (6.83 + 3.50). Aurrez, Tessa Thyssen frantziarra menderatu du Gonzalez Etxebarrik finalaurrekoan. Nagusitasunez egin du, gainera, zumaiarraren bi olatu onenak frantziarraren guztiak baino hobeak izan baitira.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide